Urte berriari ongi etorria Urko gainetik emateko irteera antolatu du Klub Deportiboak

Urte berriari ongi etorria Urko gainetik emateko irteera antolatu du Klub Deportiboak
2021/12/30 eta kitto!
Eibarko Klub Deportibotik eibartar guztiei dei egin nahi diete, urtero bezala urte berriari ongi etorria Urko gainetik emateko. Asmo horrekin, urtarrilaren 1erako mendi irteera berezia antolatu dute: Klub Deportiboaren egoitzatik abiatuko dira, 09:00etan, talde-argazkia egin eta jarraian, eta hortik Itzioko parkera, Arrajolara, Aritxuluetara, Elorretaganara eta Ameztiburura joango dira, Urkoraino. 10:30ean bigarren talde-argazki bat egingo da, Urko puntan.
Osasun egoera dela eta, Klub Deportibotik honakoa azpimarratu dute: “Bai klubaren aurrean zein gailurrean jende pilaketak egon daitezkeenez, zentzuz jokatzea eta hirigunean zehar (Itzioko parkeraino) maskara erabiltzea eskatzen dizuegu”.
Horrez gain, jendea egun guztian zehar, eta beste hainbat ibilibide erabiliz ere inguratuko dela gogorarazi nahi dute.