Zazpi urtetan jarraian Euskal Herriko Kopako finaletan izan ondoren Urbat aurten kanpoan geratu da

Zazpi urtetan jarraian Euskal Herriko Kopako finaletan izan ondoren Urbat aurten kanpoan geratu da
2023/01/31 eta kitto!
Orain arte Urbat waterpolo klubak egindako ibilbidea ez da makala izan, orain zortzi urtetik hona beti izan duelako talde bat behintzat Euskal Herriko Kopako finaletan. Baina oraingoan ez du halakorik lortu eta horrek erakusten du denboraldi honetan taldeetan izandako aldaketek denbora bat beharko dutela lehengo mailara iristeko.

Ez gaude ohituta azken asteburuan Urbat-Urkotronikeko taldeek izan dituzten emaitzetara, gehienetan justu kontrakoa eman delako, talde guztiak garaile izanda. Emakumezkoen senior mailako Kopako final-laurdenetan Urbat-Donostik 7-20 galdu zuen Kopa irabazteko hautagai nagusia den Askartzarekin. Gizonezkoetan izan zen sailkatzeko gertuen Urbat taldea, partidu ona eginda (“gehiago ere merezi izan zuten”, eibartarren teknikoek diotenez) azkenean 11-10 galdu zuelako Iruñean Waterpolo Navarra B taldearekin.

Ligako partiduei dagokienez, bestalde, kadeteetan eibartarrek 11-5 galdu zuten Askartzarekin Leioan; hala ere, liga ona egiten dihardu talde horrek. Haurren Ligan Urbatek 3-11 galdu zuen Larrainarekin; hor kontuan izan behar da eibartarrak lehen urtekoak direla eta beste taldearen jokalariak urtebete nagusiago direla. Azkenik, Eskolarteko Ligan, Urbat Urkotronik-ek 2-4 galdu zuen Lautadarekin; hor ere, Eibarko jokalari guztiak alebin mailakoak izanda, asko igartzen da gorputzetan dagoen alde hori.