Zeharkaldi atsegina egin zuten Deporreko mendizaleek aurreko zapatuan

Zeharkaldi atsegina egin zuten Deporreko mendizaleek aurreko zapatuan
2022/06/15 eta kitto!
Klub Deportiboko mendizale taldeak joan zen larunbatean egin zuen ibilaldiak Sarriako Parketxean zuen abiapuntu. Gorbeiapeko paraje zoragarri horretatik Arabako Izarra herrixkaraino atera ziren ttipi-ttapa. GPSaren erabilerak ahalbidetzen duenez, batzuek aurreikusitako ibilbidea egin ahal izan zuten, eta beste batzuek beste bat.

Lehenengoek, basoan zehar gorantz, Txintxularrako tontorrera jo zuten, hasteko.: igoera polita izateaz gain, zuhaitzen babesak freskura eta lasaitasuna eman zien. Kamurazabal tontorra altxa (884 m) eta, bertatik, Altubeko mendatera jaitsi ziren. Errepidea zeharkatu eta goitik behera Corraladas errekastoan behera, bertako urjauzi zoragarriak ikusteko aukera izan zuten. Bi dira, zein baino zein dotoreak!

Gora berriz eta, Altube ibaia zeharkatu ondoren, apur bat gora eginez, Beluntza auzotik igaro ziren Izarra herrira iritsiz. 14,2 km baino ez ziren izan. Hori dela eta, gehiago ibiltzeko asmoa zutenek, hasieran Burboia izeneko hiru tontortxoak igo zituzten, 900 metro inguruan hirurok, gero Txintxularra eta Kamurazabal (844 m.) gainditzeko, azkenean ibilbide "normalarekin" batzeko urjauzietan.

Bigarren aukera horrek 19 kilometro inguru zituen, baina oso erosoak, aldatsa tenterik ez baitzegoen. Zeharkaldi atsegina, paisaia bikainarekin, etxetik oso gertu. Bazkaldu eta, bapo-bapo, trunboiak jo baino lehenago etxerako bidean ziren guztiak.