Zortzi garaipen Eibar Igerixan-ekoentzat Probintziarteko Ligaren lehen jardunaldian

Zortzi garaipen Eibar Igerixan-ekoentzat Probintziarteko Ligaren lehen jardunaldian
2022/10/28 10:25
eta kitto!
Aurreko zapatuan Azpeitiko kiroldegian jokatutako Neguko Probintziarteko Ligaren lehen jardunaldian, Eibar Igerixaneko kirolarien emaitzak oso onak izan ziren: zortzi lehenengo postuekin batera, sei probatan bigarren izan ziren eta beste lautan hirugarren. Eibarko klubaren ordezkaritza egun horretan federatuen mailako zazpi igerilarik (bost neska eta bi mutil) eta eskolartekoen hamahiruk (bederatzi neska eta lau mutil) osatu zuten. Garaileen artean, Paula Calvo nabarmendu zen beste behin, garaile izan baitzen 100 libre eta 50 eta 200eko bizkar erako probetan; Julen Canalesek ere maila bikaina erakutsi zuen, 50 bular eta 200 estiloetan nagusituz; Ibrahim Benslaiman onena izan zen 100 librean, Miren Galdosek 100 tximeletakoa irabazi zuen eta, behin erreleboetan sartuta, 4x200 libreko proban mutilen taldea eguneko onena izan zen, neskenak bigarren amaitzen zuen bitartean. Bigarren geratu ziren baita Asier Gomez 50 bularrean eta 200 estiloetan, Ibrahim Benslaiman 200 estiloetan, Jokin Oneka 100 librean eta Maddi Maguregi 50 bizkarrean ere. Eta hirugarren izan ziren Itsaso Castrillo 50 bizkarrean, Ander Castro 100 libreko proban, Malen Beobide 100 tximeletan eta Igor Ruiz 1.500 metrotan.