Koldo Carranza eta Amaia Otaola eibartarren lanak erakutsiko dituzte XV. Laburbiran

Koldo Carranza eta Amaia Otaola eibartarren lanak erakutsiko dituzte XV. Laburbiran
2018/01/12 eta kitto!
Datorren otsailean abiatuko den XV. Laburbiraren kartela osatzeko eibartar biren lanak aukeratu dituzte: Koldo Carranzaren "Ilunpetan" eta Amaia Otaolak, Oihane Zunzunegirekin batera sortutako "Higadurak". Bi horiek euskarazko film laburren zirkuituan izango dira, beste sei lanekin batera. Antolatzaileek 2017an zehar jasotako proposamen guztien artean, zortzi film labur aukeratu dituzte; bat ezik, beste guztiak 2017koak dira eta zortzi filmen artean 77 minutuko proiekzio entretenigarria osotu dute publikoari eskaintzeko: "Ilunpetan" (Koldo Carranza), "Night Shift" (Izaskun Arandia), "Higadurak" (Oihane Zunzunegi eta Amaia Otaola), "Ejecutor" (Javi Arriaga), "Tazan" (UDA films), "Areka" (Atxur animazio taldea), "Kreba" (Oier Fuentes) eta "Zulo (Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga).
Laburbirak otsailaren 28tik martxoaren 28ra bitartean erakutsiko ditu hemen eta euskaraz sortutako laburmertraiak, herriz-herri. Laburbira Euskal Herrian ez ezik munduan zehar ibili zen 2017an, Nueva Yorken, Londresen eta Parisen, besteak beste.