58. Euskal Jaia ospatuko dugu asteburu honetan Eibarren

58. Euskal Jaia ospatuko dugu asteburu honetan Eibarren
2023/05/16 eta kitto!
Aurtengo Euskal Jaia aurreratuta etorriko zaigu. Udal Hauteskundeek hartuko dute hilabete honetako azken domeka eta, horren eraginez, gure herriko ohiko jaiek ere aldaketak izango dituzte. Horrela, maiatzaren azken asteburua izaten bada Euskal Jaiaren ardatza, oraingoan astebete aurreratuko dira ekimenak eta 19tik 21erako asteburua izango dugu “kalera baserritar jantzita” irteteko aproposena.

Ohikoari eutsiz, aspaldi hasi ziren Eibarko Klub Deportiboko Kultura Batzordekoak aurtengo Euskal Jairako motorrak berotzen. Otsailaren 9an abiatu zuten une honetan azken txanpan dagoen Eibarko Euskal Jaiko Pala Txapelketa. Bigarren edizio honetan guztira 24 bikotek dihardute parte hartzen, liga formatoan eta bi multzotan banatuta. Eibarko 12 bikote alde batetik eta beste 12 federatuen mailako txapelketan, aurrera egin dute torneo biek astero partiduak jokatuz Astelena frontoian. Klub Deportiboko Pala komisioaren eskutik antolatutako torneoaren finalak hilaren 20an, zapatuan, jokatuko dira, 13:30ean hasi eta 16:30ak arte. Larrain-dantza ikastaroak, bestalde, askoz ere urte gehiago daramatza Euskal Jaiaren egitarauaren barruan. Apirilaren 19an hasi zituzten klase horiek eta eguaztenero biltzen dira, 19:00etatik aurrera, Arrateko Andra Mari Ikastetxean. Maiatzaren 17ra arte hor dago zabalik aukera Larrain-dantzaren pausuak berreskuratzeko.

Aitor Huergoren diskoa
Behin hilaren hirugarren astean sartuta, gaur (maiatzaren 16an ) talogintza ikastaroa egingo da, Soko Baskaranek eskainiko duen saio bakarrean. Arratsaldeko 18:30ean emango dute Arrate Kultur Elkartean, baina bertan parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik.  Hilaren 18an, eguenean, Aitor Huergo abeslariak “Barruko Paisaiak” bere diskoaren aurkezpen kontzertua eskainiko du Kultu Tabernan, 20:00etatik aurrera.

Barixakura helduta, arratsalde betea iragarri dute Euskal Jaiko antolatzaileek. 17:00etatik 19:00etara Kalian Jolasian ekimenak umeendako jokoekin alaituko du Bizikleta Plazaren ingurunea; euria egingo balu, eszenategia Errebalera eramango dute. Eibarko Udalak antolatutako ekitaldi horren lekukoa hartuko du aurtengo egitarauko berritasunetako batek: Eibarko Euskalgintzaren eskutik datorren Tantanez Tantanek. Orain arte beti zapatu eguerdietan egin izan den euskeraren aldeko ekimena Euskal Jaian integratu dute eta barixaku arratsaldera pasatu. “Urkusuko itturrixan gantxilla urez bete eta Untzagaraino eramango da, euskararen alde egitteko eibartar guztiok konbokatuta gagozen ekimenian” diote Eibarko Euskalgintzatik. Kutsu guztiz herrikoia duen kalejira hori 19:00etan abiatuko da eta handik bi ordura, 21:00etan, amaituko, “lagun izango duen animazioarekin”.

Afaldu ostean, gaueko 23:00etan, Untzagan kokatuko duten karpak hartuko du protagonismoa Burutik taldeak eskainiko duen kontzertuarekin. Musika emanaldi horretako lehen zatia besterik ez du beteko talde horrek, jarraian, 00:45etik aurrera, gure herriko Mugi Panderoakoek hartuko batiote lekukoa. Oheratu aurretik, euskaraz eta euskal musikaz gozatzeko programazio ezin hobeagoarekin.

Azoka eta herri-afaria
Behin zapatura helduta, hilaren 20ko programazioa goiz-goizetik hasiko da, ohiko Artisau eta Baserritarren Azokarekin. 10:00etan zabalduko dira azokako postuak, betiko lez, Toribio Etxebarria kalean. Arratsaldeko 14:00ak arte iraungo dute bertan prestatuko diren ekimenek. Bost baserrik osatuko dute Eibarko baserritarren azokako ordezkaritza, Debemenen eskutik: Sosola, ardi-gazta eta ogi ekologikoa saltzen; Loixola, barazkiak eskaintzeko; Mandiola Gañekua, ardi-gazta eta barazkiak salgai jarriz; Egotza, ahuntz-gaztarekin; eta Barrundi, barazkiekin. Eta herriko eta kanpoko artisauen azokan Eibart elkarteko partaide diren hogeitik gora egile izango dira.

Postuetatik kanpo ere izango da animazio nahiko goiz osoan. Hasteko, “eta herri-kirolak gazteen artean hedatzeko eta zaletuak sortzeko asmoz”, Eibar BHI-ko ikasleen arteko “erronkak” izango du bere tartea. Jarraian, 12:00etatik aurrera, herri-kirolariekin eta bertsolariekin izango dugu hitzordua. Ibon Iza esatariaren aginduetara izango dira Garbiñe Lopez de Uralde, Jon Lapazaran, Jon Loiola eta Jose Martin Buztinza “Tubi”, “besteak beste, lasto eta ingudea jasotzen, trontza-lanean eta lasto jaurtiketa eginez”. Bertsoak botatzen, bestalde, Jokin Bergara eta Eneko Beretxinaga arituko dira. Goiz osoan zehar talo-postua egongo da, Gure Esku Dago ekimenekoen eskutik; eta 13:00etan trikipoteoa hasiko da kaleetatik, Eibarko Trikitilariak giroa ezarriz 15:00ak arte. 13:30ean abiatuko dira II. Euskal Jaiko Pala Txapelketaren finalak, jaialdia 16:30ak aldera amaitzeko.

Arratsaldera pasatu eta herri-afarira heldu aurretik, elektrotxarangaren kale-animazioa izango da GOTx taldearen eskutik, 19:15etik 21:30era. Ordu horretan Untzagako karpak “ateak zabalduko dizkiolako Biziminak elkarteak prestatuko duen herri-afariari”. Bertan izateko tiketak salgai daude dagoeneko Klub Deportiboan (baita hurrengo eguneko herri-bazkarirako ere): “Prezioa iazko bera da, hau da, 12 euro ikasle eta langabetuentzat; eta 15 eurokoa langile eta dirua dutenen kasuetan”. Afariaren amaieran eta postreetan abestuko diren kantuak Kittu musika taldeak joko ditu eta, egunari amaiera emateko, Jainagak eta Narbaizak urtero eskaintzen diguten erromeriak ipiniko gaitu jauzika.

Dantzan geratu barik
Horrelakoa izaten da domekako eguna, Euskal Jaiko azkena. Eguerdian bertan abiatuko da hilaren 21eko kalejira Urkizutik, eta dantza ikuskizuneko talde guztiek Untzagaraino bidea egingo dute, musika doinuez lagunduta. “Hor izango dira gaiteroak, joaldunak, Eisbarko Musika Eskolako eta Jainagaren eskolako trikitilariak...”, diote antolatzaileek. Ordu erdiko ibilbide hori eginda, 12:30ean Euskal Jaiko Dantza Jaialdia hasiko da Untzagan, oraingoan hiru euskal talde protagonista bihurturik: gure herriko Kezka dantza taldearekin batera, Ermuko Txindurri eta Portugaleteko Elai Alai izango dira euren onenak erakusten.

Jarraian herri-bazkariaren ordua iritsiko da, 14:30ean, hori ere Biziminak elkartearen eskutik. Eta bazkal-ostean, azkenik, Inguma taldeak eskainiko digun erromeriak hartuko du plaza 17:30etik aurrera, betiko larrain-dantza popular biei lekukoa pasatu aurretik. Untzaga plazan bertan dantzatuko den lehenengoa 19:30ean hasiko da, eta handik ordubetera helduko zaio txanda Deportibo parean dantzatuko dutenari. Espero dezagun ezetz, baina euria egingo balu domeka horretan? Bada, eguerdiko dantza jaialdia Errebalera pasatuko litzateke. Eta erromeria eta larrain-dantzek Untzagako karpan izango lukete kokaleku.

Ahaztu baino lehen, eta antolatzaileek dioten bezala, “asteburu osoan, ekimenak dauden bitartean behintzat, barra egongo da, Ernai eta Nalua taldeen eskutik”. Badakizue, beraz, joan prestatzen zuen baserritar jantziak! Kaletik egun horietan dotore-dotore ibiltzeko!!