21 antzezlan eskainiko dituzte Antzerki Jardunaldien 44. edizioan

21 antzezlan eskainiko dituzte Antzerki Jardunaldien 44. edizioan
2021/01/27 14:40
eta kitto!
Eibarko Antzerki Jardunaldien 44. edizioa aurkeztu dute gaur udaletxean. Edizio berezia, gaur egun bizi dugun egoera kontuan hartuta. Hala ere, pandemiak iazko saiakera erditik moztu ondoren, aurten “lagaezina” zen jardunaldiak aurkeztea, Miguel de los Toyos alkateak esan duen bezala. Horrela, 21 antzezlan eskainiko dituzte otsailaren 9tik martxoaren 23ra, ia guztiak Coliseoan (antzezlan bat Portalean egingo dute eta aurten ez da saiorik egingo Hezkuntza Esparruan).

Osasun- eta segurtasun-neurrietara egokitutako ordutegi eta aforoarekin egingo dira saio guztiak, eta sarrerak erosteko hiru aukera egongo dira. Batetik, Coliseoan erosi ahal izango dira, baina hitzordua hartu beharko da aurretik, gaur edo bihar, 17:30etik 19:30era, Coliseoan bertan. Hitzordua hartu ondoren, sarrerak hilaren 30ean, 31an eta otsailaren 1ean jaso ahal izango dira 10:00etatik aurrera; eta otsailaren 1etik aurrera astelehenetan eta barixakuetan 17:30etik 19:30era. Bigarrenik, sarrerak Kutxabank bitartez erosteko aukera egongo da, hilaren 30eko 10:00etatik aurrera. Eta hirugarrenik, antzezlan bakoitza hasi baino ordubete lehenago Coliseoko leihatilan erosi ahal izango dira.

Sarreren prezioak 5 euro eta 15 euroen artean egongo dira, antzezlanaren arabera, baina Coliseoaren Laguna txartela dutenek deskontuak izango dituzte.

 

Euskarazko bost saio

Roberto Herrero, David Barbero eta Pedro Barea kazetari eta antzerki-kritikoen, Ane Gabarain aktorearen, Fernando Bernués zuzendariaren eta hainbat urtetan Eibarko Jardunaldietako zuzendari izan den Juan Ortegaren arteko solasaldiak emango dio hasiera jardunaldiei otsailaren 9an, 19:00etan, Coliseoan. Herriko jardunaldietan bizitako pasadizoak eta bitxikeriak kontatuko dituzte, eta etorkizuna nola ikusten duten azalduko dute. “Solasaldira etortzeko gonbidatuko nuke jendea, ez delako erraza horrelako pertsonak solasaldi baterako batzea”, aipatu du gaurko prentsaurrekoan publikoaren artean zegoen Juan Ortegak.

Solasaldiaren ondoren, otsailaren 10etik aurrera, Euskal Herritik eta Espainiako hainbat lekutatik etorritako 19 antzerki-konpainia izango ditugu komedia, zirkoa, drama, keinu-antzerkia eta musika ekartzeko. Euskal Herriko hamar konpainia izango dira gurean eta euskarazko bost emanaldi eskainiko dituzte.