Antxon Bandres Azkue mendizaleari emandako plaka damaskinatua Klub Deportibora itzuli da 88 urte geroago

Antxon Bandres Azkue mendizaleari emandako plaka damaskinatua Klub Deportibora itzuli da 88 urte geroago
2022/01/25 11:06
eta kitto!
Artistikoki balio handia duen plaka damaskinatu hori Klub Deportiboak 1934an eman zion Antxon Bandres Azkue mendizaletasunaren bultzatzaileari, klubeko Ohorezko Bazkide izendatzearekin batera. Arraten Eibarko Klub Deportibok emandako ondo merezitako plaka hori eta berarekin lotutako hainbat dokumentu, tartean ekitaldiaren argazkia, Bandresen familiak gorde izan ditu orain arte. Kasualitateak ere bere pisua izaten du kasu askotan eta iazko irailean, Gorbeiako mendilerrotik euren txangoa egin ondoren, Deporreko mendizaleen talde bat Murgiako Areso jatetxera joan zen bazkaltzera: “Aurretik ere egonda ginen bertan, beste txango batzuetara joanda”. Alberto Montoya jatetxeko erregenteak ea Eibarko Klub Deportibokoak ziren galdetu zien eta, bere burua Antxon Bandresen iloba lez aurkeztuz, gordeta zuen altxorraren berri eman zien. Momentuan bertan, “besterik eskatu barik”, plaka damaskinatua eman zien, dokumentazioa eta orain dela 88 urte ateratako argazkiarekin batera.

1924an ehun urte egingo dituen klubaren zuzendaritzak, plaka bueltatzean Alberto Montoyak izandako detailearengatik eskerrak emateko, esker oneko eskutitza eman zion Murgian bertan urriaren 23an. Klubaren izenean presidentearen eskutik jaso zuen karta hori. Horrez gain, aipatutako plaka Deporren bertan kokatuko dute, “bitrina batean, bazkide eta bestek ikusteko aukera izan dezaten”. Azkenik, hartutako erabakien artean, Alberto gonbidatzeko asmoa dute, “Bandresen ilobak kluba eta plaka eman zitzaion Arrate ezagutzeko aukera izan dezan”.