Ainhoa Alberdi, antzezlea: "Barrea eragiteko magia berezia dauka antzezlan honek"

Ainhoa Alberdi, antzezlea: "Barrea eragiteko magia berezia dauka antzezlan honek"
2012/10/30 00:00
eta kitto!

- Zelakoa da kontatzen duzuen istorioa?
Lehenik eta behin teatro absurdoa dela argi laga behar dugu eta, beraz, taula gaineko egoera ere nahiko absurdoa da: automobil baten barruan geldirik gauden andra bi gara eta, horren aitzakiarekin, bizitzari buruzko elkarrizketa sortzen da gure artean. Protagonista biak andrazkoak izaki, antzezlanean emakumezkoen ikuspegia nagusitzen da, estetika bera zein elkarrizketa bidez sortzen doan hausnarketa femeninoan eginak dira. Andren kontrako indarkeriaren gaia, adibidez, zeharka agertzen da.

- Eta nor da antzezlanaren izenburuan aipatzen den Karmele hori?
Ba antzezlana amaiera aldera ailegatzen doan neurrian, ikusle bakoitzak bere irakurketa egin eta "bere Karmele" zein den aukeratu beharko du, bakoitzarentzat ezberdina izaten da, taula gainean ikusi eta entzun duenaren inguruan egiten duen irakurketaren arabera.

- Taula gainean dauden elementuak gutxi eta nahiko sinpleak izanda, nola lortzen duzue publikoari barrea eragitea?
Egun bakarrean taularatzeko asmoz ekin genion lan honi eta harrezkero lau urte igaro dira eta ehundik gora funtzio eskaini ditugu herri eta areto ezberdinetan eta, egia esateko, ez dakigu oso ondo zergatik izango den, baina toki guztietan jendeak barre mordoa egin du, alde horretatik badu horrelako magia berezi bat. Hasierako 10 minutuetan jendeari non kokatu erabakitzea kostatzen zaio, baina behin absurdoaren jolasean sartzen direnean, gu ere harritu egiten gara batzuetan jendearen barreekin. Ixilune ugari dituen lana da eta, beraz, keinuek garrantzi handia daukate. Keinu txiki bat nahikoa izaten da askotan jendeak barre egiten hasteko.

- Zuen arteko jardunean hitanoa darabilzue. Zergatik?
Egia da mutilen artean asko egiten dela eta nesken artean askoz ere gutxiago erabiltzen dela, nik neuk ez nuen aurretik erabiltzen. Baina Iraiak eta inguruko beste askok erabiltzen zutela ikustean animatu eta ni ere hasi nintzen horretan. Berez zuka idatzita zegoen, baina moldatu egin genuen eta hitanoarekin gertutasun handiagoa lortzen dugu, beste energia bat.