Albacete-Eibar gaur 21:00etan Carlos Belmonten

Albacete-Eibar gaur 21:00etan Carlos Belmonten
2023/04/14 09:20
eta kitto!
SmartBank Ligako liderrak partidu zaila bezain garrantzitsua jokatuko du gaur sailkapeneko zazpigarren postuan dagoen taldearen zelaian. Mantxako taldea igoerako promozioa jokatzeko azken postua, seigarrena, lortzeko borrokan dihardu burubelarri; azken jardunaldian galdu zuen postu hori, Cartagenak aurrea hartu ziolako.

Zazpi jardunaldi besterik ez dira falta Liga amaitzeko eta Garitanoren taldeak sailkapeneko lehenengo postuari jarraitzen dio eusten, azken partiduetan irabazi ez badu ere. Hor goian dauden beste taldeen emaitzek lagundu diote horretan, baina komeni zaio puntuak batzen joatea igoerako helburua lortzeko bidean.

Partidurako Garitanok Venancio berreskuratuko du defentsan jokatzeko, azken horrek partidu bateko zigorra beteta; Berrocal eta Txemaren parte-hartzeek zalantza gehiago sortzen dute, min hartuta daudelako.