Alejandro Santos, ‘Gurs experience’: “Tragediaren atsekabea arnastu daiteke Gursen”

Alejandro Santos, ‘Gurs experience’: “Tragediaren atsekabea arnastu daiteke Gursen”
2019/12/17 15:52
eta kitto!
Portaleak ‘Gurs experience’ erakusketa jasoko du hilaren 19tik aurrera. ‘Askatasunarte’ elkarteak sortu duen ekimena da eta Bearnon dagoen Gurs kontzentrazio-esparruan bizitakoa jasotzen du, han egon ziren lekukoen testigantzekin. Erakusketa 19:00etan zabalduko da eta 19:30ean ‘Gurs, un recuerdo desde el olvido’ dokumentala emango dute. Gainera, erakusketaren inguruan bisita berezia eskainiko dute antolatzaileek.

 

- Euskal Herritik kilometro gutxira badago ere, gehienontzat ezezaguna da Gurseko kontzentrazio-esparrua. Zer gertatu zen han?

Gerra Zibilean Espainiatik alde egin zuten errepublikazaleak jasotzeko Frantziako gobernuak modu arinean sortutako kontzentrazio-esparruetako bat da Gurs. Hasiera batean iheslariak jasotzeko eraiki zen, baina Frantzia II. Mundu Gerran sartu zenean benetako kontzentrazio esparruak bihurtu ziren. Gursek gure memorian eragiten du, muga igaro zuten euskaldun gehien batu zituen esparrua delako. Irunetik ordu eta erdira dago eta handik pasa ziren 6.555 euskaldunek benetako kalbarioa pasa zuten.

- Zenbat denboran egon zen martxan Gurseko esparrua?

1939ko otsailetik 1945era arte egon zen zabalik. Aldi baterako sortu zuten, baina denbora luzatu egin zuten.

- Zergatik?

Hara joan zirenak ezin ziren Espainiara itzuli, Frankismoa zegoelako. Batzuk beste herrialde batzuetara ziren, baina beste batzuk ez zuten baliabiderik. Gero, Frantzia II. Mundu Gerran sartu zenean, beste erabilera batzuk ematen zitzaizkion esparruari eta Petainen gobernuaren ustez zitalak diren pertsonak sartu zituzten: komunistak, librepentsalariak, ezkertiarrak eta judutarrak. Gurs izan zen Alemaniatik ihes egiten mendebalerantz alde egin zuten judutarren helmuga. II. Mundu Gerran asko gogortu ziren esparruko bizi-baldintzak: Auschwitzerantz konboiak irten ziren, ia ez zegoen jatekorik, jendez gainezka zegoen...

- Jende asko hil zen esparruan?

Bizi-baldintzak oso txarrak ziren, eta gosearen eta etsipenaren ondorioz jendea hil zen. Hilerri bat eraiki zuten eta azkar bete zen. Hori latza izan zen, hiltzera bidaltzen zituzten konboiak bezala. Hainbat adituren ustez Alemaniako sarraski-esparruetara joaten ziren espedizioen zifra ofiziala zifra erreala baino baxuagoa da. Claude Laharie historialaren ustez Gursetik pasatu ziren 12.000 pertsona bidali zituzten sarraski-esparruetara, judutarrak batez ere.

- Zer dago Gurseko esparruan gaur egun?

Gerraostean Gurseko esparruaren kontua gai deserosoa izan zen Frantziako gobernuarentzat, naziekin kolaboratu zuelako eta berak gainbegiratzen zuelako han gertatzen zena. Beraz, esparrua desegin zuten eta zuhaitzak landatu zituzten, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Urte batzuk geroago, Alemanian zegoen Frantziako kontsul bat Frantziara itzuli zenean, esparruaren egoera ikusi eta hilerria errespetatu egin zutela konturatu zen. Hortik abiatuta memoria berreskuratzen hasi ziren, eta handik pasa ziren pertsona batzuk bizirik jarraitzen zutenez, han gertatutakoa kontatzen hasi ziren. Memoria berreskuratzeko mugimendua asko hazi zen eta memorial bat sortu zuten. Gaur egun esparrua bisitatu daiteke eta tragediaren atsekabea arnastu daiteke bertan.

- Zer ikusi ahal izango dugu Portaleko erakusketan?

Aipagarria da Gursen egon zen mugimendu kulturala. Batetik, Espainiako Errepublikaren izpiritu kulturala bizirik jarraitzen zuela erakutsi nahi zutelako eta, bestetik, judutarrak heldu zirenean, ospea zuten artistak sartu zituztelako. Historiaren lekuko diren artelanak sortu ziren Gursen. ‘Gurs experience’ erakusketan Gurseko esparruari buruzko dokumentala egongo da ikusgai. Dokumental apala da, baina hainbat lekukoren testigantzak jaso ditugu eta esparruaren historia kontatzen da, zabaldu zen momentutik itxi arte. Bestetik, interesgarria iruditzen zitzaigun material bat dokumentaletik kanpo geratu zitzaigunez, ikus-entzunezko erakusketa egin dugu horrekin.