Alex Davies, musikaria: “Gasteizeko jazzaldian jo dugu, flipatzen nago”

Alex Davies, musikaria: “Gasteizeko jazzaldian jo dugu, flipatzen nago”
2022/07/15 eta kitto!
Parrapas erromeria taldea, Ustekabe fanfarrea, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra (EIJO), Slide eta Indabak taldeak... Proiektu asko dira, Alex Daviesek musikari dion maitasunaren adina. Edozein estilotan aritzeko gai den eibartarrari berdin zaio zer jo, berak musika du maite.

Aurreko barixakuan EIJOren kontzertua izan genuen Errebalen eta bertan izan zen Alex Davies. Gainera, berak konposatutako abestia jo zuten. Kontzertu berezia izan zen berarentzat, baina ez da udan zehar bizi izango duen bakarra, beteta baitartokio sasoi hau. Besteak beste, martitzenean Gasteizko Jazz jaialdi ospetsuan jo zuen, berarentzat erreferente diren izen handiekin kartela partekatuz.

 

Zer moduz barixakuan Errebalen eskaini zenuten kontzertuan?

Oso polita! Ama, amama, Musika Eskolako irakasleak eta beste hainbat lagun bildu ziren eta berezia izan zen. Ia-ia etxe azpian jo genuen, Jardiñetan bizi naizelako. Gainera, nik konposatutako abesti bat jo genuen lehen aldiz. Izan ere, EIJOk sarrera-probak egiten ditu eta aurten konposizio-proba ere egin du. Neure burua aurkeztu nuen, musika idaztea asko gustatzen zaidalako. EIJO, berez, gazteentzako jazz orkestra eratzeko sortu zen, baina orain dela hiru arte jazzetik aldentzen hasi zen, euskal musika tradizionalaren eta jazzaren arteko fusioa eginez. Beraz, abestia konposatzeko orduan baldintzak ziren euskal musikaren instrumentu tradizionalak erabiltzea eta euskal kanta herrikoi batetik abiatzea, besteak beste.

Zein musika-tresna aukeratu zenituen?

Txirula, txalaparta eta panderoa. Beste musika-tresna batzuk sartzea gustatuko litzaidake (alboka eta trikitixa, adibidez), baina zaila egiten zait ezagutzen ez ditudan instrumentuentzat idaztea.

Eta zein euskal kanta herrikoitik abiatu zinen?

Bilboko kontserbatorioan ikasten nenbilenez, bertako liburutegian Resurreccion Maria Azkueren Euskal Kantutegian abestiak bilatzen hasi nintzen. Eibarko kanten bila joan nintzen, baina ez nuen batere aurkitu. Beste kantutegi batean agertzen dira Eibarkoak, baina esku artean nuen horretan ez. Beraz, Ermukoak bilatu eta hiru aurkitu nituen. Aztertu nituen eta ‘Dirurik Zuririk’ aukeratu nuen. Benita Zarandona da letraren egilea eta Lekeitioko Atxia Motxiaren bertsio batetik egindako beste bertsio bat da. Orduan, abestia konposatzeko orduan Atxia Motxiaren eta Dirurik Zuririken letrak erabili nituen.

Nolako itxura hartu zuen abestiak?

Iaz ere EIJOn egon nintzen eta jazz, swing eta latin erritmoen falta igarri nuen. Beraz, jazz orkestra garenez, swing kutsua eman nahi izan nion konposizioari. Hasieran nahiko tradizionala da, erritmoa aurkezteko, eta gero swinga sartzen da, hatzekin kriskitin egiteko.

Abesti horretan zu izan zinen orkestraren zuzendaria?

Ez, nahiago nuen jotzea. Zuzentzea gustatuko litzaidake, baina lagunekin nik idatzitako abesti bat jotzea zoragarria iruditu zitzaidan. Kontzertu ederra izan zen eta martitzenean esperientzia hau biribildu genuen Gasteizko Jazz Jaialdian. Flipatzen nago.

WhatsApp Image 2022-07-14 at 12.15.37 AM

Ezin izan zara Ustekabekoekin Sanferminetan egon. Dena dela, nolako agenda duzue udarako?

Maiatzetik aurrera zenbait tokitan jo eta su ibili gara, Sanjuanetan gora eta behera, eta udan ere musika jotzen gozatzeko aukera izango dugu. Ustekaberekin jotzea demasa da, lagunekin nabilelako eta ondo pasatzen dudalako. Demaseko giroa dago taldean.

Aretoetan, eszenatoki gainean, kalean... toki askotan jotzen duzu. Nola egokitzen zara egoera bakoitzera?

Ez dut bereziki horretan pentsatzen. Jotzea tokatzen den tokira noa, jotzen dut eta kitto.

Eta exigentzia-maila bera da toki guztietan?

Ustekaberekin jotzen dudanean modu arinagoan hartzen dut EIJOrekin nabilenean baino, adibidez. Izan ere, EIJOrekin astebetez barnetegi batean egon gara buru-belarri entseatzen, bestela urtean zehar ez gaudelako hainbeste elkarrekin. Gainera, Gasteizeko Jazzaldian jo dugu eta ez da edonolako tokia. Ustekaberekin, ostera, gehiagotan ibili naiz, ondo ezagutzen dugu elkar, jai-giroan gabiltza kalean... Beste gauza bat da. Proiektu bakoitza ezberdina da.

alex davies ustekabe

EIJOn baxua jotzen duzu, Ustekaben saxofoia, Indabaken bateria... Orkestra-gizona zara!

Txikitan saxofoia ikasten hasi nintzen Musika Eskolan, baina handik urtebe tera baxua hartu nuen. Harrezkero, musika-tresna biak uztartu ditut. Hasieran musika jotzea zaletasuna zen niretzat, beste barik, baina Batxilergoa hasi nuenean Parrapas erromeria taldearekin eta Ustekaberekin hasi nintzen, eta aldaketa igarri nuen, ez zelako Musika Eskolan jotzea bezala. Kalera irteten ginen, gaztetxeetan jotzen genuen... Gehiago prestatu behar ginen, baina dirua irabazi ahala jotzeko baldintzak hobetzen joan ginen eta, horrela, musiko bezala garatzen joan nintzen. Orduan, baxuarekin serioago hasi nintzen.

Musikaren munduan bidea egin nahi zenuela ikusi zenuen?

Batxilergoa egin ondoren ez nuen oso argi zer ikasi nahi nuen. Industria-ingeniaritza egitea sartu zitzaidan buruan eta neure burua autokonbentzitzen saiatu nintzen, baina gero soinu-ingeniaritza egitea bururatu zitzaidan. Ezetz ikusi nuen, nahiago nuela musikaren bidea hartu eta, orduan, Batxilergoa amaitzerakoan soinu-teknikari ikastaroa egin nuen eta kontserbatorioko frogetarako prestatzen hasi nintzen, ondoren musikako goi-mailako ikasketak egiteko.

Nola joan zaizkizu ikasketak?

Bilboko Kontserbatorioko 1. mailan sartzeko frogak egin nituen eta horrela sartu nintzen, baina musikarekin buru-belarri nebilenez, ia urtebetean 4. eta 5. maila egitera pasa naiz. Maiatzean Kataluniako Goi-Mailako Kontserbatorioan sartzeko frogak egin nituen eta hartu egin naute, kontrabaxuarekin.

Kontrabaxuarekin?!

5. mailan kontrabaxua jotzeko aukera izan dut eta asko gustatu zait. Baxuarekin alderatuz ez da teknika bera erabiltzen, baina beno, baxu elektriko bat kontrabaxu txiki bat da azken batean. Gogotsu noa Bartzelonara eta, ikasteaz gain, begien aurrean mundu berri bat irekitzen zaidala sentitzen dut.

WhatsApp Image 2022-07-14 at 12.18.35 AM

WhatsApp Image 2022-07-14 at 12.22.24 AM

Argazkiak: @JKbixen, Maitane Campos eta Maddi Goikoetxea.