Alex Irazusta, Nøgen: “Publikoaren feedbacka askoz ere hotzagoa da orain”

Alex Irazusta, Nøgen: “Publikoaren feedbacka askoz ere hotzagoa da orain”
2020/12/22 eta kitto!
Nøgen musika taldeak ‘Under alt’ izeneko diskoa kaleratu berri du eta abenduaren hasieran ekin zion izen bereko birari Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Donostiarren bigarren lana luzea da ‘Under alt’ eta lehenengoarekin lortutako arrakastaren bidetik jarraitzen dute. Bihar Coliseoan izango dira, 19:00etan.

 

Zer moduz joan ‘Under alt’ diskoaren grabaketa urte berezi honetan?

Zortea izan dugu, aurten ez genuelako birarik edo zuzeneko emanaldirik eskaintzeko asmorik eta pandemiak ez gaitu harrapatu. Urtarrilean aurreko biraren azken kontzertua eskaini genuen eta abestiak egitea eta grabatzea zen gure asmoa aurten. Hori bai, pandemiak buruhausteak eman dizkigu diskoa promozionatzeari begira, asmo handiak eta politak genituelako. A, B eta C planak bertan behera laga genituen eta, beste musikariek egiten duten bezala, ahal duguna egiten dihardugu. Egia esan, biraren kartela ikusita, hunkigarria da hainbeste kontzertu emango ditugula ikustea eta gogotsu gaude. Gu zuzenekoetan sentitzen gara eroso, aspertuta geunden streaming-az. Ez gara ohitu eta ez dugu ohitu nahi. Publikoarekin elkartu nahi dugu eta denok batera zerbait sortu.

 

Nolako hartu-emana izan duzue publikoarekin kontzertu hauetan?

Oso arraroa da. Maskarak mugitzen ikusten ditugu, abesten bezala. Publikoaren feedbacka askoz ere hotzagoa da orain, egoeraren ondorioz. Ahal dugun guztia ematen saiatzen gara eta publikoak erantzutea pizgarria da guretzat. Beraz, orain bultzada horren falta sumatzen dugu. Ohitu egin behar gara, txipa aldatu. Momentuan ez dugu zuzeneko feedback hori jasotzen, baina gero berba onak eskaintzen dizkigute. Kontzertu amaieran esaten digute oso ondo pasatzen dutela eta asko eskertzen digute.

 

Nolako diskoa da ‘Under alt’?

Jendeak esan digu aldaketa nabari dela aurreko diskotik, baina guk nahiago dugu eboluzio berba erabili. Pertsona berak izaten jarraitzen dugu eta musikarekiko dugun pasioa berdina da. Urte bi pasa dira azken diskoa kaleratu genuenetik eta 80 kontzertutik gora eman ditugu tarte horretan. Ondorioz, aldaketa baino, eboluzioa egon da, bai pertsona bai musikari moduan. Urte osoan ibili gara diskoa prestatzen, baina martxotik ekainera arte norberak bere etxetik egin du lan eta hori bai izan da zaila guretzat; normalean abestien ideiak etxean pentsatu arren, lokalean garatzen ditugulako. Aurten, konposizioaren azken zatia pixka bat ezberdina izan da eta abestiak garatuagoak edo itxiagoak eraman genituen etxetik. Hala ere, esan bezala, zortea izan dugu, urtea etorri den bezala etorri delako eta planeatuta genuena egin ahal izan dugulako.

 

“Under alt” berbek “guztiaren azpian” esan nahi dute danieraz. Zergatik izenburu hau?

Bi urteren eta 80 kontzerturen ondoren konturatzen zara zenbat sentimendu eta maskara dauden, eta gure orbainak nola tapatzen ditugun. Horrela, norberaren barnealdera joan nahi izan dugu, erropak kendu, azalak eta orbainak bistan laga, eta barruko sentimendu gordinetan arakatu, gugan sortzen dutena ikusteko. Oso lan introspektiboa da.