Ana Pimenta, antzerkigilea: “Lan moralizanteak ez zaizkit gustatzen, jakin-mina sortzen dutenak atsegin ditut”

Ana Pimenta, antzerkigilea: “Lan moralizanteak ez zaizkit gustatzen, jakin-mina sortzen dutenak atsegin ditut”
2018/03/16 eta kitto!
Antzezlanak ez du inor epel utziko”, ziurtatu digu Ana Pimenta Vaiven antzerki ekoiztetxeko sortzaileak. ‘Mila eta gau bat gehiago’ laneko Sherezade oinarri hartuta, gaur egungo bikote-harremanen inguruko gogoeta egin dute Chapitô konpainiarekin elkarlanean. XLI. Antzerki Jardunaldietan eskainiko den euskarazko azken antzezlana izango da, eta hilaren 21ean 20:30ean egongo da ikusgai Coliseoan.

 

-‘Mila eta gau bat gehiago’ ipuin sortaren narratzailea da Sherezade. Antzezlan honetan ere rol bera dauka?

Sherezade erreferentzia da guretzat, inspirazioa, baina urrutiko inspirazioa. Bizirauteko istorioak kontatzen zituelako erabili dugu Sherezaderen izpiritua, eta izpiritu horrekin busti nahi izan ditugu antzezlaneko pertsonaiak.

-Antzezlaneko akzioa sukalde batean gertatzen da. Nolako saltsatan sartzen dira pertsonaiak?

Emakumea sukalde horretan harrapatuta dago, sultanak bahituta daukan emakume argi hori bezala. ‘Mila eta gau bat gehiago’ lanean errepresioa sultanak eragiten badu, gure antzezlanean bizitza berak behartzen die pertsonaiei hainbat gauza egitera bizirauteko.

-Kutsu filosofiko edo transzendentala nabaritzen zaio lanari.

Aurrekoa entzunda itxura hori eman dezake, baina tragikomedia bat da. Chapitôrekin elkarlanean egindako lana da eta eurek lengoaia surrealista eta komikoa erabiltzen dute sarritan. Publikoak ez du modu konbentzionalean kontatutako ikuskizun bat ikusiko; hainbat egoeren bertsio libreak, Chapitôren umore ganberroa, buruko-asoziazioak eta antzezlanean bertan egoteko gogoa aurkituko du.

-Nolako garrantzia dauka tipulak antzezlan honetan?

Ikuskizunak hainbat azal ditu. Horietako batean oso modu idiliko eta neurriz gainezkoan harremana hasten duen bikote bat dago. Denborak aurrera egin ahala monotoniagatik eta tradizioen, aurreiritzien eta gizonezkoa bakarrik mugitzen den lan munduaren pisuagatik harremana hondatzen doa. Gizonezkoak bakarrik dauka mantenua bilatzeko rola eta krisiak familien bizimoduari egiten dion kaltea irudikatzen dugu. Alabaren pertsonaia oso garrantzitsua da baita ere eta publikoari dagokio paper hori egitea.

-Eta zer aurkituko dugu tipularen beste geruzetan?

Gaur egungo bikote-harremanen inguruko gogoeta egiten du antzezlanak. Oso momentu komikoak daude eta ikusleak identifikatuta sentitzen dira. Rolen inguruan berba egiten dugu, estereotipoetatik kanpo, eta emakumeen biktimismotik haratago joaten saiatzen gara. Lan moralizanteak ez zaizkit gustatzen, jakin-mina sortzen dutenak atsegin ditut. Antzezlanak ez du inor epel utziko.

-Chapitôrekin elkarlanean sortutako antzezlana da. Zer eskaintzen du konpainia honek?

Antzerki europarra egiten du Chapitôk. Funtsa eta forma batzen dute. Garrantzitsuena ez da kontatzen dena bakarrik, nola kontatzen den ere inportantea da. Guretzat luxua da beste lerro batean mugitzen diren sortzaileekin lan egitea, hemen antzerki errealistagoa egiten delako.

-Orain dela 21 urte Vaiven ekoiztetxea sortu zenuten Iñaki Salvadorrek eta zuk. Nola joan dira urte hauek?

Alde batetik, pozik nago gauza asko altxatu, mila begirada ezberdin aurkitu, kolore askoko publikoaren aurrean antzeztu eta sentsibilitate ezberdineko zuzendariak aurkitu ditudalako. Pribilegiatua sentitzen naiz eta antzerkiarekiko pasioa da nire motorra. Baina bestetik, pisua sentitzen dut. Beti ikusgai egotea, funtzio bakoitzean gauza berriak kontatzen arriskatu beharra, lan bakoitzak izan dezakeen bidearen zalantza... nahiz eta antzerkiaren munduan izen bat eduki, gauza horiek beti daude hor.