Andoni Vazquez Santos: “Bandako zuzendari izatea kontzertuetan eskuak mugitzea baino gehiago da”

Andoni Vazquez Santos: “Bandako zuzendari izatea kontzertuetan eskuak mugitzea baino gehiago da”
2021/09/17 eta kitto!
Zenbait urtetan Eibarko Musika Bandan perkusioa jo eta Musikenen bateria-jazz karrera egin ondoren, Andoni Vazquezek Carlos Sanchez-Barbaren lekukoa hartu du bandaren zuzendaritzan. Gaur kontzertu berezia eskainiko dute, 20:30ean, Errebal Plazian.

 

Nola iritsi zaizu Eibarko Musika Bandaren zuzendaritza hartzeko aukera?

Bi urtean behin zuzendaritza aukeratzeko botazioa egiten dugu eta orain, karrera amaitu ondoren, neure burua zuzendari izateko prest ikusten nuenez, animatu egin nintzen. Gero, ikusi da bandak aldaketa nahi zuela.

Zeure burua zuzendari izateko aurkezteko, bandan zerbait falta zela pentsatzen zenuen?
Urteetan bandako musiko bezala ibili naiz eta musika ikasketak egin ditut, eta ikusten nuen gauza berriak egiteko aukera bazegoela. Orduan, baten batek eman behar zuen aurkezteko pausoa eta niri ilusioa egiten zidan.

Nola hartu duzu ardura berria?

Demaseko ilusioarekin! Gauza berriak egiteko gogoa dut, orain arte egindakoari eutsiz, eta taldea gehiago motibatzeko egingo dut lan.

Zein da zuzendari baten lana zehazki?

Kontzertuetan ikusten dena da eskuak mugitzen ditugula, baina hori baino askoz gehiago da zuzendaria izatea. Ez da bakarrik partiturak prestatzea. Zer joko dugun aukeratu behar da, taldearen mailaren eta abestien arabera “kaña” gehiago sartu edo ez erabaki, abestien ikas-keta lana... Gauza asko kudeatu behar dira

Andoni Vazquez Eibarko Musika Banda071

Banda bat zuzentzen duzun lehen aldia da?
Bai, baina ez. Izan ere, uztailean bandak eskaini zuen kontzertuan, nik moldatutako abesti bat jo genuen eta nik zuzendu nuen.

Nolako zuzendaria izango zara?
Esan didate lehen aste honetan nahiko “kañero” hasi naizela (barreak). Zentzu horretan, garrantzitsua da irizpidea edukitzea. Hau da, gauzak eskatzea, baina arrazoi sendoekin. Eskatzeagatik eskatzea ez zait gustatzen.

Carlos Sanchez-Barba urte askoan egon da zuzendari. Nolako ondarea laga du taldean?
Nik asko ikasi dut berarekin. Bandan sartu nintzenean, Legarreko musika-lokaletan bateria jotzen zuen ume mokoa nintzen eta, orain, hau da nire ogibidea. Bandan eman ditudan 10 urteetan jasotako esperientziagatik eta bereziki Carlosengandik ikasitakoagatik nago orain hemen. Bestetik, Carlosek bandari eman diona azpimarratzeko, entseguetan egiten den lana da horren erakusle. Azken urteotan lan handia egin dugu eta gauza ezberdin asko egin ditugu. Ildo horretatik jarraitzeko asmoa dut, gauza berri gehiago eginez.

‘Funk gaua’ eskainiko duzue gaur. Bandaren aro berriaren hasiera da?
Baten batek pentsatzen badu pasodobleak eta zarzuelak bakarrik jotzen ditugula, gaurkoarekin harritu egingo da. Gure kontzertuetara etorri ohi dena ez da harrituko , gauza ezberdinak egin ditugulako estilo asko jorratuz, baina bai, bandaren inguruko aurreiritziak apurtzen dituen kontzertua izango da gaurkoa. Gaurko errepertorioa sekula ez da jo Eibarren, oso potentea izango da eta, adibidez, baxu elektrikoa izango dugu.

Tokia ere berria da, Errebal Plazia. Nolako tokia da kontzertuetarako?
Bertan egon naiz banda nola kokatu aztertzeko. Coliseoan edo kalean jotzen dugunean badakigu nola jarri, baina Errebal toki berria da. Hala ere, kontzertu polita irtengo dela uste dut, tokiagatik eta errepertorioagatik. Ordua ere berezia izango da, iluntzean joko dugulako, eta errepertorioa ere horretara bideratu dugu.

Zuzendari gaztea zara. Bandako musikarien gaztetasunaren erakusle da hori?

Oso banda gaztea da gurea. Batzuk banda lagatzen dute eta erreleboa sartzen da, eta azken urteotan jende gaztea sartu da.
Andoni Vazquez Eibarko Musika Banda096

Eibarko Musika Eskolan duzue harrobia?
Bai. Joan den astean flauta jotzen duten gazte bi hasi ziren gurekin entseatzen. Bestetik, Ermutik eta Soraluzetik ere etorri zaigu jendea, han ez dutelako bandarik. Musika eskola indartsuak behar ditugu, bestela hemen ez dago zereginik.

Nola moldatu zarete pandemian zehar entseatzeko, jotzeko...?
Geldiune handia izan genuen, gehienek bezala, baina orokorrean ezin gara kexatu, beste herri batzuekin alderatuz nahiko azkar hasi garelako jotzen. Entseguetarako lokalak gabezia asko ditu, baina oso handia da eta segurtasun-neurriei eutsiz entseatzeko tokia dugu. Bestetik, kalean eta Coliseoan kontzertuak eskaintzeko aukera izan dugu. Udalak babesa erakutsi digu. Beraz, zentzu horretan pozik gaude.

Gaurko kontzertuaz gain, baduzue beste ikuskizunik agendan?
Bai. Domeka eguerdian kontzertua eskainiko dugu, bandaren kontzertu tipikoagoa. Gero, urriko azken asteburuan zerbait berezia egiteko asmoa dugu eta Santa Zezilian berritasunen bat aurkeztuko dugu, nahiz eta aldaketa handirik ez egin. Hau da, gauza normalen artean berritasunak eskainiko ditugu.

Zuzendaria izanik, perkusioa jotzea faltan botako duzu?
Bai! Baterista izanda, gaurko kontzertuan asko gozatuko nuke. Baina tira, oso pozik nago, taldekideak oso motibatuta ikusten ditudalako. Gaurkoa ez da kontzertu erraza izango, baina eurei pizgarria eman nahi nien eta oso ondo erantzun dute.