Arcangel, flamenko-kantaria: “Flamenkoak ondo onartzen ditu abangoardiako musika generoen ñabardurak”

Arcangel, flamenko-kantaria: “Flamenkoak ondo onartzen ditu abangoardiako musika generoen ñabardurak”
2020/01/24 09:42
eta kitto!
Flamenkoak duen izen handienetako bat da Arcangel. Huelvako abeslariak ospea hartu zuen 15 urterekin flamenkoaren munduan hasi zenetik, eta tradizioaren eta abangoardiaren artean bikain moldatzen da. Gaur bertan kontzertua eskainiko du Coliseoan, 20:30ean, Dani de Moron eta Agustin Diasera lagun dituela gitarra eta perkusioan, hurrenez hurren.

 

- Zer moduz aritzen zara flamenkoa horrenbeste errotuta ez dagoen tokietan?

Niretzat gauza bera da toki batean edo bestean jotzea, toki bietan presioa sentitzen dudalako. Flamenkoa errotuta dagoen toki batean jotzen dudanean, publikoan dagoen jendeak zer entzun izan duen dakidanez, flamenkoaren ezagutza duen giro horren presioa sentitzen dut. Bestetik, flamenkoa errotuta ez dagoen toki baten jotzen badut, ikuskizuna ikustera datorren jendeari berriz bueltatzeko gogoa sortzeko presioa sentitzen dut, ez delako erraza.

- Publikoaren erantzuna antzekoa izaten da kasu bietan?

Ezberdinak dira. Flamenkoaren zaleek harenga egiten diete artistei, horrela adierazten dutelako euren poza eta alaitasuna, eta tradizio flamenkoa ez duten tokietan gutxiago ikusten da hori. Beste barik, ez daudelako artistei euren poza horrela adierazteko ohituta.

- Nola ulertzen duzu flamenkoa?

Tradizio zoragarria duen musika da flamenkoa. Batetik, babestu egin behar dugu; eta bestetik, sasoian sasoiko testuingurutik kanpo ez geratzeko eman behar zaizkion ñabardurak eskaini behar dizkiogu. Flamenkoak ondo onartzen ditu musika-genero abangoardisten ñabardurak. Iraganean hanka bat eta etorkizunean beste bat edukitzen saiatzen naiz, eta burua beti zerumugara begira.

- Hori kontuan izanda, nola mantentzen duzu oreka?

Funanbulista izango banintz moduan. Dibertitzen eta ondo sentiarazten nauten gauzak egiten bilatzen dut oreka. Tradizioa errespetatzen eta flamenkoa mugimenduan dagoen artea dela jakiteko gutxieneko ikuspegia edukitzen saiatzen naiz, ezin garelako sistematikoki beti berdina errepikatzen egon.

- Zein puntutara arte berritu daiteke flamenkoaren barruan?

Ez dut berrikuntzan sinesten, eraberritzean baizik. Gauza guztiak zerbaiten ondorio direla uste dut eta gure ikuspuntua ematen diogu gauza bakoitzari. Oso beharrezkoa da flamenkoak prozesu ebolutiboa izatea. Prozesu hori ez da gertatzen guk horrela izatea nahi dugulako, nahi ez dugun arren berdin gertatuko delako. Artea pertsonei atxikita dagoen zerbait da, eta aldaketa eta metamorfosiak izaten ditu ezinbestean. Hori horrela da eta ezin zaio buelta gehiegirik eman, beste gauza bat da guk nola bideratu ditzakegun aldaketa horiek.

- Flamenkoaren mundua mesfidati agertzen da aldaketen aurrean?

Ez bakarrik flamenkoaren mundua, orokorrean gizartea mesfidati agertzen da aldaketen aurrean. Gaur egungo buru ilunek uste dute homosexualak gaixorik daudela, adibidez. Hortik abiatzen bagara, pentsa zer gertatu daitekeen musikan.

- Nolako ikuskizuna eskainiko duzu Eibarren?

Tradizioari eta abangoardiari begiratzen dion ikuskizuna izango da. Flamenkoarekin egin dezakegunaren abaniko zabala erakusten saiatuko gara.