Argazkilaritza Maiatzean-eko egitaraua aurkeztu dute Klub Deportiboko argazkilaritza taldekoek

Argazkilaritza Maiatzean-eko egitaraua aurkeztu dute Klub Deportiboko argazkilaritza taldekoek
2023/04/21 eta kitto!
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Argazkilaritza Maiatzean-eko programazioa, Klub Deportiboan. Klub Deportiboko argazkilaritza batzordeak antolatutako egitaraua maiatzeko lehen barixakuan, hilaren 5ean hasiko da, herritik banatuko diren erakusketa guztiak 18:30ean inauguratzearekin batera. Portalea, jakina, izango da erakusketa gehien hartuko duena, laurekin. Bertan egingo dute antolatzaileek ekitaldi ofiziala, “gero bertatik Topalekura joan, bertako erakusketa zabaldu eta pintxo batzuk hartzeko”. Untzagako Jubilatuen Etxean, Portalea tabernan eta Klub Deportiboan bertan izango dira bestelako erakusketak. Erakusketez gain, betiko lez, hainbat jardunaldi ere izango dira argazki-zaleentzat gozagarri: inaugurazioa egin eta hurrengo egunean, hilaren 6an, Portalean euren lanak erakutsiko dituzten Enric de Santosek eta Natxo Zenborainek hitzaldia eskainiko dute. Handik zortzira, hurrengo zapatuan, Topaketak Kalean saioak hartuko du lekua Untzagan, erretrato eta argazki-erakusketen hainbat arlorekin kalea hartzeko. Hurrengo asteburuak pisu berezia hartuko du Argazkilaritza Maiatzean-en programazioan. Zapatuan, hilaren 20an, eskainiko du bere tailerra Txema Lakunzak (eta ez 7an, hasieran iragarrita zegoen bezala), Arrate Kultur Elkartean, eta hurrengo egunean, maiatzaren 21ean, argazki-rallya egingo dute goizetik, zuri-beltzean eta digitalean, modalitate bietan. Txema Lacunzaren tailerrean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago eta ez da komeni gerorako lagatzea, parte hartuko dutenen kopurua mugatuta dago-eta: interesatuek argazkilaritza@deporeibar.com helbidera jo dezakete eta ordaindu beharreko prezioa 20 eurokoa da.