Armagintza Museoaren katalogoa, arma-bildumaren erradiografia

Armagintza Museoaren katalogoa, arma-bildumaren erradiografia
2017/05/05 eta kitto!
Armagintza Museoak katalogo berria dauka. 1.395 argazki, 270 pieza eta hainbat adituren testuak jasotzen dira bertan. Hiri armaginari deitura ematen dien erraminten analisi sakona gauzatu du Jose Luis Valenciaga Crucelegik, historian zehar funts honen inguruan egin den laugarren katalogoa osatuz. XV. mendetik gaur egunera arte fabrikatutako su-arma motz eta luzeak, tiro sistema ezberdinetakoak, merkatu zibil zein militarrera zuzendutakoak... batu ditu autore eibartarrak 679 orrialdetan.

 

Armagintza Museoaren arma-bildumaren katalogoak atzo ikusi zuen argia erditze luzearen ostean. Jose Luis Valenciagak pieza bakoitzaren deskripzio zehatza egin du, eta Iñaki Alberdi (Armeria Eskolako irakaslea), Igor Goñi (EHU-ko Ekonomia irakaslea), Jose Maria Pelaez (Vigoko Unibertsitateko irakaslea eta ‘Euskal armagintza XIX.mendean’ liburuaren egilea), Javier Iza-Goñola (historiadorea) eta Marta Gomezen (Armagintza Elkartearen gerentea) adituen testuak jasotzen ditu. Argazkiak, bestetik, Valenciaga berak, eta Jose Valderrey eta Josu Torrealday eibartarrek egin dituzte.

XV. mendeko aurrekargako ‘giltz-pistolak’, txinpartako aurrekargako aleak, Lefaucheux sistemako armak, XIX eta XX. mendeetako kartutxeria metalikoak, eta lehen eta orain fabrikatzaile eibartarrek egindako eskopeta finak batu ditu, besteak beste, Valenciagak lan honetan.

 

Laugarren katalogoa

Liburu hau funts honen inguruan egin den laugarren katalogoa da (1914, 1964, 1984). Valenciagak aitortzen du horietan agertzen diren datuek asko balio izan diotela liburu hau gauzatzeko orduan, “baina aurreko edizioak gutxietsi barik, lan hau zabalagoa da arma bakoitzari dagokion datu teknikoetan”. Armen funtzionamendu-sistema, kargatzeko era... jasotzen dira, “eta fitxa bakoitzak bere fabrikatzaile, aldagarri, fabrikazio-markatze eta abarren iruzkin historikoak ditu”.

Katalogoaren 500 ale argitaratu dira eta denbora gutxi barru sarean eskegiko den euskarazko bertsioa egin du Elhuyarrek. Alfontso Mugika izan da liburuan batzen diren 270 piezen fitxak euskaratu dituena.

Erakusketako arma gehienak Eibarren fabrikatutakoak dira. “Eibar eta Soraluzeko Maisu Armaginek XIX. mende hasieran egindako artelanetatik, gaur egun fabrikatzaile eibartarren katalogoetan agertzen diren armetara”. Tartean, grabatu eta damaskinatu lanak dituztenak ere badaude, “artistikoak bezala katalogatuak direnak”. Erakusketak, hala ere, baditu atzerriko hainbat pieza ere: AEB, Ingalaterra, Alemania, Austria, Frantzia, Italia, Hungria, Rusia eta beste hainbat herrialdetakoak.

 

Arma bakoitza erronka bat

Katalogoa gauzatzea uste baino gehiago kostatu zaiola aitortzen du Valenciagak. “Arma bakoitzaren datu teknikoetatik haratago euren historia kontatuko nuela erabaki nuenean, arma bakoitza erronka bat bihurtu zen”. Horren adibide da ‘Mp-18-I’ Alemaniako subfusilarekin gertatu zitzaiona. Markaketa berezia dauka, ‘P.H.8.4’, eta “egunak pasa ziren I. Mundu Gerraren ostean Versailleseko Tratatuaren ostean Alemaniari ezarritako neurriengatik horrela zela aurkitzea”. Zenbaki bakoitzak esanahi bat zeukan eta Alemanian aurkitu zituen datu horiek: ‘P.H’, Hannovereko polizia-eskola; ‘8’. zortzigarren zenturia; ‘4’, arma egokitu zitzaion poliziaren zenbakia. “Horrelako zertzeladekin denbora asko pasa nuen, baina merezi izan du”.

Armen jatorria, pieza-mota, fabrikatzailea, fabrikazio-tokia, eredua, serie-zenbakia, kalibrea, tiro-sistema, funtzionamendu-sistema, karga modua, seguru-mota, kanoiaren luzera, luzera osoa, deskargatuta duen pisua, kulata-mota eta osagarriak (“adibidez, ‘STAR MD’ pistola semiautomatiko baten edo ‘FN-Browning mod. 1903’ baten kulatin-zorroa”) zehazten dira arma bakoitzaren inguruan.

Piezen analisi sakona egin du Valenciagak eta, horretarako, “pisatu, neurtu eta, kasu batzuetan, desmuntatu behar izan ditut, ez nuelako euren tiro-sistema ulertzen, ez nekielako nola funtzionatzen zuten edo ez nuelako serie- edo ekoizpen-zenbakia aurkitzen”. Adibidez, 1927an Eibarko Proba Bankuak modu ofizialean probatu eta trokelatu baino lehen, XX. mende hasierako Eibarko pistola automatikoak kanoi azpian daude estanpatuta, “irristailu eta armazoiaren barruan”.

Armen ezaugarri eta markaketei argazkiak ateratzeko orduan, Britaniar Inperioaren jabetzakoa den ‘broad arrow’ izeneko gezi bat eta II. Mundu Gerran Alemaniak okupatutako Polonian fabrikatutako ‘Radom VIS 35’ pistola semiautomatikoa aurkitu ditu autoreak. “Piezak aztertzen nindoan heinean, esanguratsua iruditzen zitzaidanari argazkia ateratzen nion”, beraz, fitxa bakoitzak testuari laguntzen dien argazkiak daramatza.

Valenciagari zaila egiten zaio erakusketako pieza bat aukeratzea. “Asko dira interesgarriak, baina aipagarria iruditzen zait Horace Smith eta Daniel Wessonek 1854an fabrikatutako ‘Volcanic Navy Model nº2’ errepetizio-pistola Iparramerikarra”. Rocket Ball izeneko bala hutsa erabiltzen zuen arma honek, urte batzuk lehenago armagin batek Nueva Yorken ‘Volition Repeating Rifle’ errepetizio-riflerako (“onarpen handia gabekoa”) asmatu zuena. “Bere elikatze- eta karga-sistema gaur egun Winchester bat bezalako palanka-rifleetan erabiltzen denaren aitzindaria dela esan daiteke”.

 

Publiko orori zuzendua

Arma eta gai militarretan aditua da Valenciaga. “Gaztetatik izan dut kontu militarrekiko zaletasuna”, eta horren adibide da 1964ko Armagintza Museoaren katalogoa txikitan irakurri izana. Armaginen iloba eta birbiloba da autorea, eta bere etxean sarritan kontatzen ziren aitxitxa Mexikora armak saltzera joaten zeneko istorioak. “Mexikon zuen sukurtsalera armak eramateko, 1927an eskopetaz kargaturik hilabeteak iraun zituen itsasontzian bidaiatzen”.

Gerra Zibilean ere protagonista izan zen familiaren fabrika, “’Mauser 1916’ fusilentzako zumitz-malgukiak eta Markinako ‘Esperanza y Cia’-ren morteroentzako malguki helikoidalak egiten baitzituzten”. Valenciagaren ustez, “pentsatzen dut guzti honek eragina izan duela gai hauen inguruan interesa pizteko orduan”.

Beretzat “oso pozgarria” izan da katalogoa gauzatzea. “Horrelako gaiak gustatzen zaizkion nire moduko pertsona batentzat, museo edo liburuetan bakarrik ikusi daitezkeen aleengana sarbidea edukitzea pribilegioa da”. Katalogoa sortzeko orduan ez du adituentzako bakarrik zuzendutako lana egin nahi izan, “nire asmoa ikuspuntu historikoa ematea izan da, pasadizozko datuak emanez, publiko ororen atentzioa deitzeko”.

Armagintza Museoko erakusketak eta argitaratu berri den katalogoak Eibarko eskaintza kulturalaren zati bat gehiago osatzen dutela dio Valenciagak. “Arma-museo handiagoak daude, baina bere piezen kalitatea eta erakusketa atsegina kontuan izanda, Eibarkoa ez da gutxiago”.