Arrate bezperako bertso-saio berezia gaur Arrateko Elizan

Arrate bezperako bertso-saio berezia gaur Arrateko Elizan
2021/09/07 eta kitto!
Bertso-saio berezia izango dugu gaur arratsaldean Arraten bi arrazoirengatik batik bat. Batetik, eszenatokiz aldatuko duelako: bertso-afari formatuan Kantabrian egiten zena Arrateko elizan egingo da afaririk gabe, jakina. Bertan jardungo dute bertsotan 19:00etatik 21:00etara bitartean Jon Mikel Mujikaren gidaritzapean Alaia Martin, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Sebastian Lizaso bertsolariek. Eta, bestetik, Rafael Zubizarreta urte askoan …eta kitto!-ko bertso-taldeko kidea izandakoak eta Arrateko bertso-afarian gai-jartzaile jardundakoak abuztuan laga gintuen, eta hura ere gogoan izango dute elkarteko arduradunek ez ezik baita bertsolariek eta bertso-zaleek ere.

Osasun-neurriek hala behartuta aforoa mugatua egongo da elizan eta 60 lagunek izango dute saioa ikusteko aukera. Antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute osasun-neurri guztiak beteko direla, besteak beste aforoa, aireztapena, sarrera eta irteera edota gel hidroalkoholikoa erabiltzea.

Kittonbolarik ez Arrate egunean
…eta kitto! Euskara Elkartetik adierazi dutenez “Arrate eguneko tonbola egiterik ez zegoen, baina herritarrekin dugun hartu-emanari eustea eta, era berean, elkartearen proiektuak aurrera eramateko ordezko diru-iturriak topatzea ezinbestekoa da. 2020ko martxotik hona inoizko egoera ekonomikorik larriena bizitzen dihardu elkarteak ere. Proiektuei eustea lortzen bada, batez ere herritar eta bazkideen babesari eta langileen borondateari esker da. Zentzu horretan, pozgarria da proiektuek duten babes soziala igartzea, eta eskerrak eman nahi dizkiegu elkartearen helburuekin bat egin eta euren laguntza eta babesa eskaini eta ematen dieten guztiei”.

Tonbola beharrean Gabonetako zozketa bereziak egingo dira aurten, Gabonetako otar eder bi zozketatuko dira Eibarko enpresa, denda, taberna, kirol-talde, jatetxe, hotel, artistek… emandako produktuekin, eta, bestalde, beste opari batzuk ere solte zozketatuko dira, Gabonetako loteriaren sari txikien edo“pedrearen” antzera.
Laster izango da Gabonetarako zozketetarako rifak erosteko aukera gure herriko kaleetan, ohikoa den bezala euro baten.