Arrateko aterpetxea berriz zabalik

Arrateko aterpetxea berriz zabalik
2015/06/02 eta kitto!

"ATERI Egoitzak eta Aterpetxeak sarea"k Arrateko Aterpetxea berriz zabaldu du ekainaren 1etik aurrera. Arrate Aterpetxearen instalazioek gehienez 55 pertsonako taldeentzako tokia dute. Aterpetxea Arrateko Santutegiaren aurrean kokatuta dago eta honako banaketa du: beheko solairuan harrera lekua, komunak, mugikortasun urriko pertsonentzako logela bat, jangela, sukaldea eta areto erabileraniztuna. Lehenengo solairua gaua igarotzeko egina dago. Bertan, 48 lagunendako oheak dituzten bi gela daude, baita beste bi logela txiki ere, 2 eta 3 plazakoak hurrenez hurren. Dutxak eta komunak ere bertan daude. 719 metro karratuko instalazioak, azkenik, soto erabileraniztuna du.
Arrateko Aterpetxeak talde desberdinei emango die zerbitzua: eskola-ikasleak, familiak, lagun taldeak, kirol-taldeak, erakunde sozial eta kulturalak.... Gainera,  lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako hezkuntza-programa eskainiko du 2015-2016 ikasturtetik aurrera.
Beheko solairuan Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroa dago, orain dela gutxi inauguratua. Zentroa doan bisitatu ahalko da igande goizeetan.
ATERIk Euskadiko aterpetxe- eta egoitza-sarerik handiena eta garrantzitsuena osatzen du, bai tamainari dagokionez, baita kokaleku eta aukerei erreparatuz ere. Bere instalazioak Euskadiko parajerik ederrenetan kokatuta daude. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 12 instalazio kudeatzen dituzte. SUSPERTU SLk, EDE TALDEAko lanean txertatzeko enpresak, zuzentzen du ATERI.