Aste honetan, euskarazko hiru antzezlan Antzerki Jardunaldietan

Aste honetan, euskarazko hiru antzezlan Antzerki Jardunaldietan
2023/02/21 eta kitto!
Hasi dira 46. Antzerki Jardunaldiak. Pepon Nieto eta Maria Adanez aktoreek eskainitako solasaldiarekin eman zitzaion hasiera egitarauari eta aktore biak protagonista diren ’¡Ay Carmela!’ egon da ikusgai egunotan. Aste honetan, ostera, euskarazko antzezlanak izango dira nagusi.

 

Euskarazko lehenengo saioa Vaiven antzerki-taldeak eskainiko du, bihar, hilaren 22an, 19:00etan, Hezkuntza Esparruan (gaur, gaztelerazko saioa eskainiko du ordu eta toki berean).

‘Familia sarekada’ antzezlana eskainiko du Vaivenek, “inorekin ez fidatzeko komedia”, diotenez. Aurpegi ezagunak izango dira taula gainean; hala nola, Mikel Laskurain, Ainhoa Aierbe, Xanti Korkostegi eta guretzat are ezagunagoa den Nerea Gorriti eibartarra. Gainera, Aitziber Garmendiak parte-hartze birtuala du antzezlanean.

Ikuskizun honetan, familia batek, etxean lasai afaltzen ari denean, Informatika Delituen Unitatearen (IDU) sarekada jasango du haietako bat etxeko porno-sare baten burua delakoan. Hortik abiatuta, umorez landuko dute errealitatetik hain urrun egon ez daitekeen gai distopiko hau.

 

Yerma, Lorcarik gabe

Euskarazko bigarren emanaldia hilaren 24an izango da, 19:00etan, Coliseo antzokian. Bizkaiko La Dramatica Errante konpainiak ‘Yerma’ antzezlana eskainiko du, Maria Goiricelayak zuzenduta. Izenburuak argi laga dezakeen bezala, Federico Garcia Lorcaren lana du oinarri, baina modu bitxian lantzen dute, Lorcaren hitzik gabe. “Agian sakrilegioa da”, diote konpainiakoek. “Yerma honek gaur egun seme-alabak izateko ezintasunari aurre egin behar dioten emakume guztien hitzak biltzen ditu. Asko direlako, nahiz eta inork ez hitz egin haietaz”, gehitzen dute.

Antzezlanak 105 minutuko iraupena du eta Ane Pikaza, Aitor Borobia, Loli Astoreka, Leire Orbe eta Unai Izquierdo dira aktoreak.

 

Itsas hondoan bidaia

Hirugarren emanaldia Mar-Mar teatro konpainiaren ‘Arrainak bihotzean’ izango da. Hurrengo zapatuan emango dute, otsailaren 25ean, 17:00etan, Coliseo antzokian, eta eibartar bat izango dugu antzezleen artean: Irene Hernando. Berarekin batera arituko dira Aritza Rodriguez eta Maitane Serrano, Getari Etxegarairen gidaritzapean.

Antzezlanak Martiren istorioa kontatzen du. Berak ez daki beldurrak non bizi diren. Beraz, lasai bizi da kresal usaina duen herri batean. Aita marinela du eta portuan, haren zain dagoen bitartean, ekaitz batek uretara jaurtitzen du. Orduan, nahitaezko bidaia hasiko du itsas hondoan zehar.