Aurkeztu dute 45. Eibarko Antzerki Jardunaldietako egitaraua

Aurkeztu dute 45. Eibarko Antzerki Jardunaldietako egitaraua
2022/02/01 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dituzte 45. Eibarko Antzerki Jardunaldiak udaletxeko udalbatza aretoan Jon Iraola alkateak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuordeak, María José Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak, Patxi Lejardi Kultura saileko zinegotziak eta Narruzko Zezen antzerki taldeko ordezkariek. Ekitaldian nabarmendu dutenez, berriz ere egitarau biribila osatu dute antolatzaileek, antzerkiarekin gozatzeko aukera benetan zabala esku-eskura ipinita.

Bigarren urtez jarraian, eta pandemiaren eraginez, saio guztiak Coliseo antzokian izango dira. Otsailaren 22an abiatuko da egitaraua, Ramón Bareak eta Mikel Losadak eskainiko duten “El veneno del teatro” izenburuko solasaldiarekin. Aurkezlea, berriz, Irene Hernando eibartarra izango da. Hortik aurrera, apirilaren 1era bitartean, era guztietako antzezkizunak eskainiko dituzte: Max Aub eta Fernando Fernán Gómez bezalako egile ospetsuen testuetan oinarritutako anzezlanak; Fernando Rojas bezalako klasikoen berridazketak edo Urrezko Mendearen hainbat egileren bilduma-lan antzeztuak; eta, horiekin batera, testu berriak, Sandra Ferrús, Eva Guerrero, Josi Alvarado, David Caiña, Jokin Oregi bezalako egileenak; Adriana Bilbao edo Eva Guerreroren proposamen koreografikoak...

Genero desberdinak ikusteko aukera izango da: komedia, drama, tragikomedia, kaleko antzerkia eta dantza. Sare sozialak, teknologia, krisi ekonomikoa, klasikoak, antzerkiarekiko dedikazioa dira aurtengo proposamenaren gai nagusiak.

Bestalde, Eibarko Antzerki Jardunaldiek gogora ekarri nahi dute iazko apirilean hil zen Rosa Martínez-Alcocer aktore eibartarra. Haren oroimenez, martxoaren 29an antzerki munduko bere lagunen topaketa egingo da, berari buruz aritzeko.

Aurresalmenta Coliseoan

Coliseoko aurresalmentarako hitzordua bihar (eguaztena) eta etzi (eguena) eska daiteke, 17:30etik 19:30era. Eta hitzorduarekin sarrera jasotzera joateko, otsailaren 5ean, 6an eta 7an joan ahal izango da, 17:30etik 19:30era. Otsailaren 7tik aurrera, berriz, astelehen eta barixakuetan eros daitezke sarrerak leihatilan, 17:30etik 19:30era. Eta online salmenta otsailaren 5ean hasiko da, 10:00etan. Horrez gain, funtzio bakoitza hasi baino ordubete lehenago Coliseoko leihatilan sarrerak erosteko aukera egongo da.

Egitarau osoarekin atera duten aldizkariaren PDF-a ordenagailura jaisteko, bestalde, HEMEN SAKATU.