‘Aurrera egin badugu’ dokumentala eta ‘POST’ bertso-trama gaur eta bihar San Andres elizaren klaustroan

‘Aurrera egin badugu’ dokumentala eta ‘POST’ bertso-trama gaur eta bihar San Andres elizaren klaustroan
2021/07/07 eta kitto!
Arrate Kultur Elkarteak atzo eman zion hasiera Ikus-Entzunezkoen Asteari ‘Izanik’ diaporamekin, eta gaur ‘Aurrera egin badugu’ dokumentalaren txanda izango da. Gaua solasaldiarekin hasiko da 22:00etan eta gero, 22:30ean, proiekzioa emango dute.

Solasaldian Ana Mari Aristondo, Oihane Etxebarrieta eta Elisabeth Olaskoaga proiektuko kideek hartuko dute parte. Julen Hernandez kazetariak zuzendutako dokumentalean, bestalde, elkarrizketa formatuko solasaldiak dira nagusi Hondarribiko Jaizkibel Konpainiaren inguruko piezan, “aurrera egin badugu, berdintasunaren aldeko borrokalariei esker izan delako”. Konpainiako kide diren Arantxa Urretabizkaia, Jaime Altuna eta Oihana Etxebarrieta kapitainarekin batera, Garbiñe Biurrun epailea, Kattalin Miner kazetaria eta Itziar Ituño aktorea izango dira parte hartzen, “ikuspuntu zabal, askotarikoak eta desberdinak eskaintzeko”.

Bihar, eguena, amaituko da aurtengo edizioa arratsaldeko 20:00etan hasiko den ‘POST’ bertso tramarekin. Ordubeteko iraupena izango du eta bertan lau bertsolarik hartuko dute parte: Eli Pagola, Amaia Iturriotz, Maider Arregi eta Eibarko Jokin Bergarak. “Post-moderno, post-gatazka, post-bertso arokoak gara gu, eta betaurreko horietatik begiratuko diogu munduari; beti erortzen ari den, baina sekula lur hartzen ez duen belaunaldiaren azaletik”, diote.