Aurten 20. edizioa betetzen duen Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute gaur Eibarko Klub Deportiboan

Aurten 20. edizioa betetzen duen Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute gaur Eibarko Klub Deportiboan
2022/04/07 eta kitto!
Gaur arratsaldean aurkeztu dute Argazkilaritza Maiatzean, Eibarko Klub Deportiboan. Urteroko martxan, egitarau biribila osatu dute Deportiboko Argazkilaritza Taldekoek eta, horri esker, erakusketak, tailerrak, argazki-rallya eta argazkilaritza kalean izango ditugu herrian bertan, maiatza osoan zehar.

Patxi Lejardi Euskara eta Kultura zinegotziak Udalaren esker ona azaldu die antolatzaileei, egiten duten lanarengatik, eta horrela jarraitzeko animatu ditu. Iñaki Osoro Klub Deportiboko presidenteak, berriz, Argazkilaritza Taldeak urte osoan egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu du: “Eurek beti esaten dute jubilatu talde bat direla. Ba, jubilatu talde honek izugarrizko gauzak egiten ditu, harrigarria da diru gutxirekin zenbat gauza egiten dituzten. Eta egiten duten lana, Eibarren ez ezik, Eibartik kanpora ere ezagutzen dute”.

Jose Luis Irigoienek aurkeztu du aurtengo egitaraua: Euskal Herriko zein estatuko argazkilarien lanak ikusteko aukera izango da, herriko areto ezberdinetan zabalduko dituzten zortzi erakusketetan. Maiatzaren 6tik 29ra Elena Plaza, Eva Franco, Koldo Badillo eta Oskar Mansoren argazkiak egongo dira ikusgai Portalean; Topalekuan, berriz, Juan Antonio Palacios eibartarraren lanak erakutsiko dituzte; eta Untzagako jubilatu etxean XLVIII. Nazioarteko Gipuzkoa Sarikoa; maiatzaren 2tik 31ra Portalea tabernan Eibarko Klub Deportiboko argazkilarien erakusketa egongo da ikusgai; eta Depor tabernan Argizaiola 2021 lehiaketako lanen erakusketa, maiatzaren 3tik 31ra.

Gainera, maiatzaren 7an eta 8an erretratu-tailerra eskainiko du arlo horretan aditua den Estela de Castrok. Tailerra Portalean izango da, maiatzaren 7an goizez (10:00etatik 14:00etara) eta arratsaldez (16:00etatik 20:00etara) eta 8an, berriz, goizez bakarrik (10:00etatik 14:00etara). Izen-emateak 20 euro balio du eta argazkilaritza@deporeibar.com helbidera idatzita egin behar da (plaza mugatuak).

Bestalde, maiatzaren 14an argazkilaritza Untzagara aterako dute, “Topaketak kalean” delakoarekin: 17:00etatik 21:00etara erretratuak egingo dizkiote jendeari, argazkiak erakutsiko dituzte eta benetako argazkilari minuteroa (Clemente Corredera) egongo da, argazkiak egiten eta errebelatzen.

Amaitzeko, argazki rallya egingo da maiatzaren 29an. Betiko moduan, zuribeltzean zein digitalean parte hartzeko aukera egongo da eta izen-ematea egunean bertan egingo da, 08:30etik 09:30era, Klub Deportiboan.

Gaurko aurkezpen-ekitaldia aprobetxatuta, bestalde, Deportiboko Argazkilaritza Taldearen aldizkari digitala, ARGAZ eman dute ezagutzera. Azaldu dutenez, hiru hilean behin kaleratzeko asmoa daukate eta, erakusketetako argazkiez gain, elkarrizketa eta bestelako edukiekin osatzen joango dira, nahi duenak Interneten eskuragarri izateko.