Aurten ere ez da Sanjuanik ospatuko, baina ekainean hasiko den kultur egitaraua prestatu du Udalak

Aurten ere ez da Sanjuanik ospatuko, baina ekainean hasiko den kultur egitaraua prestatu du Udalak
2021/05/26 eta kitto!
Osasu-krisiaren ondorioz aurten ere bertan behera laga dituzte Sanjuanak, Udalak gaur goizean jakinarazi duenez. Jon Iraola alkateak eta Jose Luis Gonzalez “Poxpolo” Kultura teknikariak eman duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, jaiak ezin izango dira pandemiaren aurretik egiten zen bezala ospatu, baina, hala ere, iazkoaren bidetik, Sanjuanetako ekitaldi esanguratsuenak egingo dira, beti ere gaur egun dauden baldintzetara egokituta. Alkatearen berbetan, “nahiz eta iazko urtearekin alderatuta osasun egoera hobea izan, erantzukizunez jokatzea erabaki dugu. Beraz, aurten ere ez dugu Sanjuanik ospatuko, pandemiaren aurretik egiten genuen bezala ez behintzat. Hala ere, ekitaldi batzuk egongo dira, esanguratsuenak, baina formatu murriztuan eta pertsonen pilaketak saihestuz. Gure asmoa da poliki-poliki, hurrengo hilabeteetan, jarduera kultural batzuk kalera ateratzea, beti ere bidezkoak diren kontrol-neurriak hartuta”.
Gauzak horrela, ekainetik aurrera garatzeko prestatu duten egitaraua aurkeztu dute. San Juan egunaren bueltan lau jarduera antolatu dituzte: ekainaren 23an, 11:00etan, San Juan Zortzikoa joko du Usartza Txistulari Bandak Untzagan. Ondoren, 13:00ean, udaletxeko patioan Lizarrako Dultzaineroek joko dute, publikorik gabe, eta emanaldia streaming bidez emango dute, iaz bezala.
Ekainaren 24an, eguerdian, Untzagan txistularien eta Lizarrako Dultzaineroen kontzertua egingo da eta 19:00etan, berriz, soka dantza Coliseoan, Kezka dantza taldearen eskutik.
Horrez gain, ekainetik uztailera bitartean 30 bat kultur ekitaldi programatu dituzte, “herriko toki desberdinetan, helburua baita herriko kultur kolektiboei laguntzea eta lehen egiten ziren ekitaldiak, ahal den neurrian, berreskuratzea”.
Musikari dagokionez, Cielito Musika Bandak Untzagan (ekainak 13) eta Amañan (ekainak 16) joko du. Usartza Txistulari Bandak hainbat kalejira egingo ditu Urkin (ekainak), Untzagan (ekainak 23), Urkizun eta Amañan. Eta Ustekabek ere kalejiraren bat egitea aurreikusi dute. Uztailaren 2an Mursegoren kontzertua hartuko du Coliseoak, Inoren edo ni eta Braulio taldeek Txaltxa Zelaian joko dute eta Eibarko Koro Gazteak kontzertua emango du uztailaren 19an.
Antzerkiari dagokionez, ekainaren 22an Markeliñe konpainiak “Psike” obra antzeztuko du eta ekainaren 24an Barsanti taldeak “Legea gu gara” obra erakutsiko du. Ekainaren 25 eta 29an bi Klarion Tailer egingo dira Nathalie Hickeyren gidaritzapean eta hainbat aktore eta begiralerekin: bata Eibarko aspaldiko paisajeari buruzkoa, eta bestea bizikletaren omenezkoa, biak ere herriaren 675. urteurrenaren testuinguruan kokatuak. Eta uztailaren 6an Alfari buruzko hirugarren tailer bat egingo dute, Ego Gainen.
Ekainaren 30an, Urkizun Zirkozaurre konpainiaren emanaldia izango da, da, uztailaren 9an Hika konpainiaren txanda izango da “Tonbola antzez” obrarekin. Eta uztailean, Hortzmuga taldea “Al final del camino” lana aurkeztuko du.
Halaber, ekainaren 19rako poesia-emanaldi bat programatu dute, Txaltxa Zelaiko kioskoan. Programazioa biribiltzeko, ohikoak diren ikasturte amaierako ikuskizunak egingo dituzte eskola ezberdinetako taldeek (Kaxa, Nele Dantza, Ballet Eibarres, Biraka, Kezka dantza, Musika Eskola, Isabel Laspiurren piano ikasleak...) Coliseoan eta Portaleko erakusketa aretoan Zeramika eta Dibujo Udal Eskoletako erakusketa zabalduko dute. Herriko musika-taldeek ere eskainiko dituzte emanaldiak, hala nola Jainaga eta Narbaiza eta Mugi Panderoa taldeek, eta “rap oilarren borroka” bat ere egongo da, hip hop talde baten lankidetzarekin antolatua.