Azpilikueta aita-semeen “Atzo goizeko ipuiñak” argitaratuko ditu Ego Ibarrak bere web orrian

Azpilikueta aita-semeen “Atzo goizeko ipuiñak” argitaratuko ditu Ego Ibarrak bere web orrian
2021/02/23 17:15
eta kitto!
"Atzo goizeko ipuinak" izenburuari jarraituta, Jose Antonio Azpilikueta marrazkilariak eta haren seme Martinek biñeta bana egingo dute hilero, urtea amaitu arte, Eibarko historiatik aukeratutako zenbait gertaera, pasadizo eta kontu hizpide hartuz, eta Ego Ibarraren webgunean jarriko dira ikusgai. Ekimenarekin Eibarren sorreraren 675. urteurrena ospatu nahi dute. Guztira 20 biñeta egingo dituzte, mende bakoitzeko bi, gutxi gorabehera, guztiak Eibarko euskaran.

Ego Ibarra batzordetik adierazi dutenez, “gure historiaren pasarte horiek aukeratzeko, beste agiri batzuen artean, Javier Elorzaren Eibar: orígenes y evolución. Siglo XIV al XVI liburua, Nerea Aretaren Eibarko Efemeridiak. Kronika Historikua 1936rarte liburua eta Eibar aldizkaria erabiliko dira. Lehen biñetan, esaterako, Eibarko herriaren fundazioa (1346ko otsailaren 5a) kontatzen du Jose Antonio Azpilikuetak, bere erara, tartean Jaen, Alfontso XI.a, Villanueva, San Andres, Hiri Gutuna (Eibarko Efemeridiak, 56. orrialdea) eta koronabirusa ezin hobeto irudikatuz”.

Bigarren biñetarako, berriz, Udal Artxiboak gordetzen duen agiririk zaharrena hartu du hizpide Martin Azpilikuetak: “Alegia, 1409ko agiria (Eibar: orígenes y evolución, 369.-375. orrialdeak): Contrato suscrito entre el concejo de San Andrés de Eibar y los dueños de las caserías de Irure e Iralagoitia, sitas en Soraluze-Placencia de las Armas, por el pago de pechos y derramas concejiles. Itxura denez, eibartarrak eta plaentxiarrak autuan ibili ziren plaentxiarrek ordaindu barik erabiltzen zituztelako Eibarko hainbat terreno, larre eta baso. Azkenean Eibarko Kontzejuak, gauzak konpontze aldera, tratu bat egin zuen haiekin, nork zer erabil zezakeen erabakitzeko eta argi lagatzeko aurrerantzean zein izango ziren arauak”.

Hala, XIV. mendean hasi eta gure egunetaraino, errepaso bat emango zaio herrian esanguratsuak izan diren gertaerei, beti ere marrazkilarien umorea tartean dela.