Barixakuan hasiko da Argazkilaritza Maiatzean ekimenaren egitaraua

Barixakuan hasiko da Argazkilaritza Maiatzean ekimenaren egitaraua
2023/05/03 12:16 eta kitto!
Klub Deportiboko argazkilaritza-batzordeak antolatutako egitaraua barixakuan, hilaren 5ean, hasiko da, herritik banatuko diren erakusketa guztiak inauguratzearekin batera. Horietako lau Portalean zabalduko dituzte, 18:30ean, eta jarraian Topalekura joango dira, bertako erakusketa zabaldu eta pintxo batzuk jateko. Beste erakusketak Untzagako Jubilatuen Etxean, Portalea tabernan eta Klub Deportiboan bertan egongo dira.

Erakusketez gain, beste hainbat jarduera antolatu dituzte: Portalean euren lanak erakutsiko dituzten Enric de Santosek eta Natxo Zenborainek hitzaldia emango dute maiatzaren 6an. Eta handik zortzi egunera Topaketak Kalean egingo dituzte, Untzagan.

Maiatzaren 20an Txema Lacunzak egun osoko tailerra emango du, Arrate Kultur Elkartean. Eta hurrengo egunean argazki-rallya egingo dute goizetik, zuri-beltzean eta digitalean.

Jarduera guztiak doan eta zaletu guztientzat zabalik egingo dira, baina Lacunzaren tailerrean parte hartzeko izena eman behar da aurretik, plaza kopurua mugatua da-eta.