Bihar abiatuko da Laburbira ikus-entzunezko zirkuitua

Bihar abiatuko da Laburbira ikus-entzunezko zirkuitua
2012/02/29 00:00
eta kitto!

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Laburbiraren bederatzigarren edizioa aurkeztu zuen atzo Donostian. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua urtero antolatzen du Topaguneak, herrietako euskara elkarteekin lankidetzan. Bihar abiatuko den Laburbirak 30 emanaldi eskainiko ditu, gehienak Euskal Herriko herri eta hirietan, baina Madril, Londres eta Parisen ere izango dira proiekzioak. Saio bakoitzak 85 minutuko iraupena izango du, eta tarte horretan zortzi lan ikusteko aukera izango da. Aurten aukeratutako ikus-entzunezko sorta sorpresaz beterik datorrela aurreratu dute antolatzaileek: "Alde batetik, 1961eko ‘Aberria’ eskainiko dugu. Gotzon Elortzak zuzendutako dokumentala euskaraz egindako lehenengoetakoa da. Aberriaren inguruko hausnarketa aurkezten digu, garaiko euskal kulturaren ikur ziren Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolarien eta Victor Olaeta dantzariaren eskutik. Bestetik, lehen aldiz euskaraz ez den film bat ere sartu dugu programazioan: Xoxe Diazen ‘Instalación’, Galizian eta galegoz egindako lana. Aurrerantzean urtero eskainiko dugu egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren batean sortutako lanen bat, euskaraz azpidatzia, euskarazko produkzioarekin batera".
Benito Ansola bekak
Bi horiekin batera, Topaguneak sortutako Benito Ansola Bekekin 2011n ekoitzitako lehen bi lanak ere sartu dituzte programazioan: Joseba Uberuagaren ‘Izena duena’ 3D animaziozko ipuin laburra eta Paul Urkijo eta David Zabalaren ‘Ohe azpiko zera’, gerra zibilean girotutako istorioa.
Beste lau lanak Maialen Sarasuaren ‘Hemen nago’, Jon Garañoren ‘Urrezko eraztuna’, Gregorio Muroren ‘Zeinek gehiago iraun’ eta Revolta Permanent taldearen ‘Kantuka’ bideoklipa izango dira. Azken hori Topaguneak sustatzen duen Izarren Distira kultur programaren barruan ekoitzi da. Filmen sinopsiak eta emanaldien egutegia interneten aurki dezakezue.