Bihar hasiko dira Eibarko 44. Antzerki Jardunaldiak, "Avatares de un festival" solasaldiarekin

Bihar hasiko dira Eibarko 44. Antzerki Jardunaldiak, "Avatares de un festival" solasaldiarekin
2021/02/08 eta kitto!
Bihar arratsaldeko 19:00etan hasiko dira modu ofizialean Eibarko 44. Antzerki Jardunaldiak, Coliseoan, Avatares de un festival izenburuko solasaldiarekin. David Barbero, Roberto Herrero eta Pedro Barea kazetari eta antzerki-kritikariek, Ane Gabarain aktoreak eta Fernando Bernues zuzendariak egingo dute berba, jardunaldien sortzaileetako bat den Juan Ortegarekin batera eta aurkezlea Narruzko Zezen taldeko Erika Rodriguez Horrillo izango da. Ekitaldirako sarrera doan izango da, baina aurretik gonbidapena hartu beharko da nahitaez, Coliseoko leihatilan bertan edo Kutxabanken bitartez, aforoa zaindu behar delako.

Egitarauko lehen antzezkizuna, berriz, Madrilgo Pentacion Espectaculos taldearen Esperando a Godot izango da. Otsailaren 10ean eta 11n taularatuko dute lana Coliseo antzokian, 18:45ean hasita. Adin guztientzat egokia den antzezlan honen zuzendaria Antonio Simon da eta, parte hartzen duten antzezleak, berriz, Pepe Viyuela, Alberto Jimenez, Juan Diaz, Fernando Albizu eta Jesus Lavi. Sarrerak 15 euro balio du (10,50 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin).



Eta otsailaren 12an eta 13an, 19:00etatik aurrera, Kutsidazu bidea Ixabel, 90 minutuko iraupena duen komedia musikala aurkeztuko dute Demode Produkzioak taldekoek. Patxi Barcoren zuzendaritzapean, taula gainean Xanti Korkostegi, Maria Redondo, Ainhoa Aierbe, Inazio Tolosa, Karlos Nguema, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano arituko dira. Sarrerak 12 euro balio du (8,50 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin).