Bihar hasiko dira udako zine emanaldiak "Big fish" filmaren proiekzioarekin

Bihar hasiko dira udako zine emanaldiak "Big fish" filmaren proiekzioarekin
2021/07/06 18:06
eta kitto!
Aste honetan hasita, astean behin gozatu ahal izango da kaleko zineemanaldiekin, Kultura sailaren eskutik. Uztailean eta abuztuan izango dira emanaldiak eta guztira zortzi saio eskainiko dituzte (uztaileko eguaztenetan eta abuztuko ostegunetan). Berritasun gisa, Untzaga Plazako eszenatokiaz gain, Karmen kaleko parkean izango dira emanaldietako bi eta saio guztiak 22:00etan hasiko dira. Hala ere, eguraldi txarra eginez gero, udaletxeko arkupeetan emango dute filma. Bestalde, sarrera doan izan arren, aforoa zaintzeko neurriengatik gonbidapena eskatuko dute. Gonbidapenak Coliseo antzokiko leihatilan eska daitezke (astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era), baita Kutxabank-en bitartez ere. Gainerako gonbidapenak ikuskizunera sartzean banatuko dituzte.

Bihar (uztailak 7) zabalduko dute programazioa, Karmen kaleko parkean, Big Fish filmarekin. Tim Burton-ek zuzendutako pelikulan lan egiten duten antzezleak Ewan McGregor, Albert Finney, Billy Crudup, Jessica Lange, Alison Lohman, Helena Bonham Carter, Steve Buscemi, Danny DeVito, Marion Cotillard eta Miley Cyrus dira. Uztailaren 14an, Akelarre proiektatuko da Untzagan; uztailaren 21ean, Untzagan ere, Jumanji. Segundo nivel filma ikusi ahal izango da; eta uztailaren 28an, Untzagan baita ere, Ane ikusi ahal izango da.



Abuztuan beste lau saio egongo dira. Hilaren 5ean, Untzagan, Parásitos eskainiko da; hilaren 12an, Karmen kaleko parkean, Tess eta Ni proiektatuko da; abuztuaren 19an, Untzagan, Padre no hay más uno filmaren txanda izango da; eta programazioari amaiera emateko, Untzagan, hilaren 26an, Erlauntza emango da.