Blues Hotsakek indartsu hasi du lehen asteburua

Blues Hotsakek indartsu hasi du lehen asteburua
2021/11/23 eta kitto!
Blues Hotsak jaialdiak arrakastaz abiatu du hirugarren edizio honetako lehen asteburua. Izan ere, barixakutik domekara bitartean, hirurehun ikusle baino gehiago batu dira antzokian, Watermelon Slimek, Izo Fitzroik eta Mayka Edjolek eskaini dituzten emanaldiez gozatzera. Argazkiak: Fernan Oregi.

 

Kontzertuen ostean, musikarien kalitatea eta jarrera ona nabarmendu dute hainbat ikuslek eta antolatzaileak ere pozarren agertu dira kontzertuok publikoaren aldetik izan duten harrera ona ikusita. "Pandemiaren eragina desagertu barik dagoen honetan, jende asko hurreratu da kontzertuetara eta hori pozgarria da. Aurtengo helburua zen herritik kanpoko jendea erakartzea jaialdira eta esan dezakegu lehen asteburu honetan helburu hori lortu dugula, ikusleen erdiak inguru kanpotik etorritakoak izan dira eta. Azken batean, publikoaren erantzunak erakusten du Blues Hotsak jaialdia kontsolidatuta dagoela", adierazi du Ubane Uzin Errabal elkarteko antolatzaileak.

 

Niko Etxarten kontzertua bertan behera

Lehen asteburuko balorazioa egitearekin batera, antolatzaileek "atsekabez" jakinarazi dute, barixakurako iragarrita zegoen Niko Etxart & Hapa Hapa taldearen kontzertua bertan behera gelditu dela, musikari zuberotarra "min hartuta" dagoelako.

 

Erakusketa, filma eta bi kontzertu

Gainontzean, jaialdiko egitarauak bere horretan jarraitzen du. Aste osoan zehar, Alex Rodriguezen argazki bilduma ikusgai izango da erakusketa gelan; eguenean, gaueko 21:00etan, Janis Joplinen bizitzari buruzko buruzko Litle girl blue filma proiektatuko dute antzokian; zapatuan, Koko Jeans & The Tonics taldeak kontzertua eskainiko du arratsaldeko 20:00etan; eta, azkenik, domeka eguerdian, 13:00etan, Musika Eskola konboek kontzertuak eskainiko dute. Sakatu HEMEN kontzerturako sarrereren zozketan parte hartzeko.