Dani Niño, Saxos del Averno: “Publiko guztiak dantza egiten amaitzen du gure kontzertuetan”

Dani Niño, Saxos del Averno: “Publiko guztiak dantza egiten amaitzen du gure kontzertuetan”
2020/02/26 eta kitto!
Infernuko erritmo beroak ekarriko dizkigu ‘Saxos del Averno’ taldeak martxoaren 15ean Portalera. Chucho Valdes, Jerry Gonzalez eta beste hainbat maisurekin jo duten musikariek osatzen dute taldea eta AEBko izen handiekin ahotsa hezitu duen Adrian Costak ematen die hitza saxoek igortzen dituzten soinuei.

 

- Talde edo abeslarien laguntzaile bezala hasi zineten eta zuen musika egiten duzue orain. Nola eman zenuten jauzia?

Ginferno izeneko talde batean jotzen nuen eta azkenengo diskoan saxofoi laukote bat sartzea pentsatu genuen, infernutik zetozen saxoak. Gero, Ginferno desegin zen, baina Andres Herrera ‘Pajaro’ Sevillako gitarristak deitu zigun eta taldea berpiztu genuen. Beste talde batzuei laguntzeko aire-atal bezala hasi ginen eta Julian Maeso, Vinila Von Bismarck eta The Limboos taldeekin jo genuen, besteak beste. Hortik aurrera gure musika sortzeko beharra sentitu genuen, besteen abestiak konpontzen ibili beharrean. Juan Carlos ‘Chavi’ Ontoria teklistari deitu nion, nire lagun mina delako, eta musika-talde independentea izateko lanetan hasi ginen. Hammond organoa, bateria, gitarra eta ahotsa gehitu genien saxoei, eta Rythm&Blues seikote bezala hasi ginen. ‘Roasted sinner’ diskoan, gure lehen lanean, talde instrumentala izaten saiatu ginen, kontzertu batetik bestera aldatzen joango zen abeslari batekin. Julian Maeso, Roy Fontoira, Anaut... izan ziren gurekin abestu zuten hainbat lagun, diskoa grabatzen lagundu zigutelako. Ideia ona zen, publikoarentzat nahiko estimulagarria zelako; baina promotoreei ez zitzaien gehiegi gustatzen, gauza seguruago bat nahi zutelako. Guk ere egonkortasun gehiago nahi genuen. Beraz, 2017an Madrilgo Cafe Centralen hainbat egunez jarraian kontzertuak eskaini genituen, egun bakoitzean abeslari ezberdin batekin, eta azken egunean Adrian Costa izan genuen. Bat-bateko maitemina sentitu genuen berarekin. AEBn urte askotan bizi izan da Adrian eta R&Bko izen handiekin jo du. Luxu bat. Ordutik, gurekin dabil.

- Adrian zuekin egoteak taldearen jarduna aldatu du?

Gure musikaren oinarria lehengo bera da, baina kide guztien baturak osatzen du taldearen soinua. ‘Voodoo shoes’ abestian argi geratzen da hori. Lehen diskoan grabatu genuen, Roy Fontoirak abestuta, baina gero Adrianekin abesti honen beste bertsio bat egin genuen eta asko igartzen da bere eragina.

- Saxoak dira taldearen oinarria?

Gure taldeko frontmana saxoak dira. Eszenatoki gainean, adibidez, saxoak jartzen ditugu lehen planoan, publikoarekin etengabeko elkarreragina dugu, arlo instrumentalak protagonismoa izan dezan moldaketa musikalak egiten ditugu... Beraz, bai, saxoak oinarrizkoak dira taldean.

- Nolakoak izaten dira zuen kontzertuak?

Izugarriak, esperientzia erlijiosoak! (barreak) Guk oso ondo pasatzen dugu eta izerditan amaitzen ditugu. Berdin da antzerki, klub, jaialdi edo areto bat izan, eta jendea eserita edo tente dagoen, publiko guztiak dantza egiten amaitzen duela zin dagizut. Imajinario kolektiboan dauden R&B eta rock abestiak entzungo dira. Musika beltza oso naturala eta zuzena da, eta entzuleen barrenera heltzen da beti.