Dantzan Ikasi Topaketak antolatu dituzte zapaturako Armeria Eskolan

Dantzan Ikasi Topaketak antolatu dituzte zapaturako Armeria Eskolan
2021/05/03 eta kitto!
Dantzaren transmisioaren inguruko topaketa berezia antolatu dute zapaturako Eibarren: “Dantzan Ikasi Topaketak” izenburuari jarraituta, egun osorako egitaraua prestatu dute. Antolatzaileen berbetan, “euskal dantzaren trasnmisioan erreminta berrien bilaketak hainbat modu eta helduleku sortu ditu. Bateko eta besteko lanketa eta ahaleginak komunean jarri nahi dira jardunaldi honen bitartez. Dantzaren transmisioan lanean diharduten zenbait aditu batuko ditugu horretarako haien esperientziak haien artean eta, bide batez gurekin, elkarbanatu ditzaten”. Topaketak Armeria Eskolan izango dira, 09:30etik 18:00etara. Parte-hartzea doan da, baina plaza mugatuak dira. Izena emateko HEMEN sakatu.


Dantzan Ikasi Topaketak: Dantzaren transmisiorako lanketa eta proposamenak


Goizeko saioa:

09:30 Harrera

09:45 Aurkezpena

10:00 Mikel Sarriegi (Aurtzaka): Puntu, aldaira, printzipio eta erregelak

Dantza-mugimenduen sistematizazioa, gipuzkoar maisuen sistemaren bilakaera eta inguruko erreferentziak

10:30  Iñaki Arregi (Ikerfolk): Euskal dantzaren estiloaren argi-itzaletan

Gure dantzakera ageriko egiten duten osagaien orekaren bila. Non dago gure dantzaren estiloaren zera hori? Zerk ematen dio karakterea eta jenioa? Zerk egiten du benetako?

11:00 Maitane Eyheramonho (IDB): IDB: baliabide pedagogikoak

Euskal dantzaren transmisioa bideratu nahian baliabide pedagogikoak sortzeko lanean dabiltza IDBn. Horietako batzuk dagoeneko sarean ikusgai eta erabilgarri daude

11:30 Atsedena. Kafea

12:00  Patxi Laborda (Bilbao Musika - Aiko): Musikatik dantzara: programaketa eredu bat

Nola eraiki dantzaren irakaskuntza, musika oinarri hartuta? Musika-hizkuntzaren oinarriak ezagutzeak dakarren laguntza, eta nola txertatu dantzaren irakaskuntzan. Dantzaren lanketa musika-eskoletan

13:30-15:00: Etena. Dantzan-Biharrian egoitzara bisita gidatua eta otordua.

 Arratsaldeko saioa:

15:00  Jon Iruretagoiena (Maritzuli): Orkatiletatik paporaino: saltoaren gora-beherak

Atharratzeko Elgoyhen eskolan jauziaren inguruan eta salto egitearen gaitasuna lantzeko moduaz Dominique Nicibar ‘Burgübürü dantza-maisu zuberotarrak transmititutakoak aipatuko dira

15:30 Maite Irizar (Oñatz): Herriko dantzei eustea: Oñatiko esperientzia

Oñatin ia 400 dantzari mugitzen ditu Oñatz taldeak, haur eta nagusi. 11.000 biztanledun herri batean zer suposatzen du horrek? Zeintzuk dira kudeaketaren gakoak? Zein dantza-eredu transmititzen da eta zertan jartzen da indarra?

16:00  Patxi Larralde (Baztandarrak dantza eskola): Baztango mutil-dantzen irakaskuntza

Dantzakeraren zainketa, mugimenduen arrazionalizazioa, terminologia eta dantza-urratsen taula koreografikoa

16:30 Mahai-ingurua: Dantzan Ikasi topaketak: balorazioa, iritziak eta aurrera begirakoa

17:30  Topaketaren soka-dantza, jauziak eta mutil-dantzak!