David Sanchez, Cimasub: “Konfinamenduaren ondoren zabor ugari aurkitu dugu itsasoan”

David Sanchez, Cimasub: “Konfinamenduaren ondoren zabor ugari aurkitu dugu itsasoan”
2020/12/07 eta kitto!
Hilaren 9an, 10ean eta 12an Cimasub 2020 egingo da herrian, Eibarko Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa. Batetik, 27 film labur eta 4 dokumental emango dituzte Coliseoan; bestetik, Txikiziklo emanaldia eskainiko dute umeentzat eta familientzat; eta azkenik, Topalekuan argazki erakusketa dago ikusgai hilaren 13ra arte.

 

Nolako lanak ikusiko ditugu Cimasuben?

Bi gai nagusi landuko ditugu. Batetik, itsas hondoaren edertasuna erakutsi nahi dugu. Publikoa maitemintzea da gure helburua, gozatu eta itsasoko gauza harrigarriak deskubritu ditzan. Izan ere, zerbaitetaz maitemintzen bazara, gehiago zaintzen eta babesten duzu. Eta bestetik, kutsaduraren gaia landuko dugu. Publikoa kontzientziatu nahi dugu, benetako arazoa dela ikusi dezala eta ez dela hemendik urrun gertatzen den gauza bat, hemen bertan dugulako. Eguneroko ekintzekin hasi behar gara gauzak konpontzen: erosketak egiteko orduan, birziklatzerakoan edo kontsumitzean naturari eragiten diogu.

 

Zein formatutan landuko dituzue gaiok?

Hiru formatu erabili ditugu: argazkilaritza, film laburrak eta dokumentalak. Batetik, argazki onenak batzen dituen diaporama ikusi ahal izango da, Arrate Kultur Elkartean egingo den argazki-erakusketaz gain. Aurten 300 argazki baino gehiago jaso ditugu. Bestetik, film laburren kasuan, oso formatu dinamikoa da. Oso entretenigarriak eta hunkigarriak dira. Batzuek irudi ikusgarriekin bideoklipak egin dituzte, beste batzuek istorioak kontatzen dituzte... Ikusten da kutsadurak gero eta protagonismo handiagoa hartzen diharduela eta salaketa ekologikoa egiten duen lan onena saritzen dugu. Jendea hunkituta irtengo da itsasoetan gertatzen dena ikusita.

 

17 urte eta gero Cimasub Eibarrera ekarri duzue. Nola sortu da aukera?

Itsasoaren egoera txarrak protagonismoa eman dio gaiari eta, horrela izanik, gure helburua ahalik eta herri gehienetara heltzea da gero eta jende gehiagok gaiaren inguruan jakiteko. 2003. urtetik ez da Cimasub etorri Eibarrera eta pozik gaude itzulerarekin, luzerako geratzeko gogoz.

 

Kantauri itsasoan kutsadura arazoak daude?

Bai, dudarik gabe. Getarian, Hondarribian, Donostian eta beste hainbat tokitan urpean igeri egiten dugu eta, konfinamenduan ezin izan denez urpean igeri egin, berriz urpean sartu garenean zabor ugari aurkitu dugu. Garbitzen saiatu gara, baina demaseko arazoa da eta, ikusten denez, gizakiaren akzioen ondorio.

 

Zer landuko duzue Txikizikloan?

Txikizikloa Cimasuben oinarria da, garrantzitsua delako txikitatik kontzientzia izatea. Inguruko ikastetxeetako ikasleak batzen ditugu eta itsasoaz maitemindu eta kontzientziatu nahi ditugu, helduekin egiten dugun bezala. Proiekzioak emateaz gain, klima aldaketari eta kutsadurari buruzko hitzaldia eskainiko diegu, euren hizkuntzan, ondo ulertzeko. Txikiziklo egitasmotik Txikizikloa familian ekimena sortu genuen, etxe bakoitzeko kide guztiek mezu bera jasotzeko eta kontzientzia hartzeko.