Domekan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa jokatuko da Astelena frontoian

Domekan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa jokatuko da Astelena frontoian
2015/12/04 00:00 eta kitto!
Domekan (hilak 6) amaituko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako fasea, Eibarren, Astelena frontoian 17:30etan hasiko den saioarekin. Oholtza gainean Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Felix Zubia, Iñaki Gurrutxaga, Jon Maia, Mikel Artola eta Nahikari Gabilondo bertsolariek jardungo dute eta irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 19an Ilunben jokatuko den finalerako. Horrekin batera, Eibarko saioa amaitzean jakingo da nortzuk osatuko duten finalean kantatuko duen zortzikoa. Sarrerak Depor eta Beleko tabernan eros daitezke eta interneten ere salgai daude, www.bertsosarrerak.eus webgunean. Gaztetxoen sarrera 6 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 10ean eta gainerakoena 13 euroan. Domekan ere egongo da sarrerak erosteko aukera, Astelenako leihatilan 16:00etatik aurrera.
Gainerako finalaurrekoetan bezala, honako lana egin beharko dute bertsolariek: Binaka, gaia emanda, hamarreko handian, hiruna bertso; Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian hiruna bertso; Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso; Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Bestalde, ETBk domeka gauean 40 minutuko laburpena emango du "Herri txiki, infernu handi" programa amaitu eta jarraian, 23:20ean.