Durangoko Azokak gaur irekiko ditu ateak, fisikoak eta birtualak

Durangoko Azokak gaur irekiko ditu ateak, fisikoak eta birtualak
2020/12/04 07:56
eta kitto!
Durangoko Azokaren 55. edizioari emango zaio hasiera hau. Ohikoa den bezala, ikasleak izango dira protagonistak gaur goizean Durangon eta, hortik aurrera, mahainguruak, aurkezpenak, solasaldiak eta emanaldiak zuzenean egingo dira bertan hilaren 8ra arte. Hala ere, osasun-alarmak ezarritako aforo- eta mugikortasun-murrizketak kontuan hartuta, kulturzale asko ezin izango da Durangoko Landako gunera joan eta, ondorioz, Gerediaga elkarteak azoka kulturzaleengana eraman nahi izan du.

Durangon bertan 100 kultur ekitaldi baino gehiago egingo dira gaur hasi eta hilaren 8an amaituko den Durangoko Azokaren 55. edizioan. Gerediaga elkarteko Arantza Altunaren berbetan, azoka ez da salerosketarako gune hutsa soilik, “kulturaz gozatzea, sortzaile berriak deskubritzea, hausnarketa mamitsuak entzutea, eta ikuskizunak eta kontzertuak bizitzea ere bada”.

Durangoko ekitaldiak Landakon eta Plateruenan egingo dira. Plateruenan, adibidez, diskoen aurkezpenak egingo dituzte Bulegok, Mikel Urdangarinek, Gatibuk, Rafa Ruedak, X Sakarak eta Maria Riverok, besteak beste.

Landakon, aldiz, gainontzeko jarduerak antolatuko dira: ipuinen aurkezpena, mahainguruak, literatura solasaldiak, ikus-entzunezkoak, umeentzako pelikulak, irakurketa dramatizatuak eta abar. Idazleen artean, besteak beste, honako sortzaileak egongo dira: Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Kattalin Miner, Iñaki Egaña eta Danele Sarriugarte. Gainera, azokari amaiera emateko, abenduaren 8an, "Taupadaz taupada" ikuskizun berezia egingo da Landakon, 12:00etan, Miren Amuriza, Amancay Gaztañaga, Antton Telleria eta Maite Arroitajauregi 'Mursego’-rekin.

Durangoko eta mugakide diren herrietan bizi ez direnen kulturzaleengana hobeto iristeko, ‘Zu non, han DA!’ ekimena jarri du martxan Durangoko Azokak. Horrela, Euskal Herriko zortzi herritan (Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa) kontzertuak egongo dira, 32 musika-talderen parte-hartzearekin.

 

Azoka online

Landakora joateko aukera ez dutenek durangokoazoka.eus/eu/denda webgunean erosi ahal izango dituzte Durangoko Azokako produktuak. Bertan 2.300 produktu baino gehiago jarriko dituzte salgai eta 852 nobedade izango dira eskura: 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta bestelako 72 (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...).

Ordainketa egiten duten lehenengo mila erosleek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa berezia jasoko dute doan, euren erosketarekin batera, eta 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa-gasturik ordaindu beharko.