Eibarko historia iruditan laburbiltzen duen proiekzioa eskainiko dute Untzagan Artxiboen Nazioarteko Egunean

Eibarko historia iruditan laburbiltzen duen proiekzioa eskainiko dute Untzagan Artxiboen Nazioarteko Egunean
2022/06/06 eta kitto!
Eguena (ekainak 9) Artxiboen Nazioarteko Eguna dela eta, Udal Artxiboak argazki zaharren proiekzioa egingo du, horrela udaletxeko azken pisuan dagoen Artxiboaren zati txiki bat kalean erakusteko. Hala azaldu zuten ekimenaren aurkezpenean Jon Iraola alkateak eta Yolanda Ruiz Eibarko Udal Artxiboaren arduradunak. Ordubete inguruko iraupena duen proiekzioa osatzeko 656 argazki aukeratu dituzte, Udal Artxiboan gordeta dauden 300.000 bat argazkiren artetik. Kronologikoki bost bloketan ordenatu dituzte: “Lehen atalak 1899 eta 1930 urteen arteko argazkigintzaren iratzarraldia jasotzen du. Kapitulu honi dagozkio Artxiboan dauden irudi zaharrenak.  Sasoi bizia izan zen, mugimendu politiko eta sozial handikoa. Orduan egin zen herriaren lehen handitze urbanistikoa (Armeria Eskolaren eraikuntza, Tuberkulosoentzako Ospitalea, Gaixoentzako Pabiloia, zentro obreroak, liburutegiak, zinemak eta antzokiak)”.

Bigarren atalean 1931. urtetik 1937. urtera arteko irudiak bildu dituzte: II. Errepublikaren aldarrikapenetik hasi eta Gerra Zibilean gertatu zen bonbardaketa eta herriaren suntsiketarainoko aldia hartzen du.  Hirugarren ataleko irudiak 1938tik 1950era arteko urtekoak dira. Herriaren eta industriaren berrikuntza eta berpizte sasoia izan zen eta herria goitik behera eraldatu zen, besteak beste lanera etorri zen jendetzaren eraginez.

Laugarren atala 1950etik 1970era bitartera doa eta hazkunde ekonomiko eta industrial handiko urteetako irudiak bildu dituzte bertan: Alfa, Aguirre y Aranzabal, El Casco, Ignacio Ugartechea, Lambretta, Vicente Gabilondo el Hijos, Silka, Solac... Eta proiekzioa 70eko eta 80ko krisi eta trantsizioko hamarkadak erakutsiz amaituko da. Sasoi horretan galera ekonomiko eta material handiak eragin zituzten hiru uholde larri jasan zituen herriak eta horren irudiak ere ikusiko dira.

Artxiboko arduradunak azaldutakoaren arabera, argazkiez gain, partikularrek lagatako bideo zatiak ikusiko dira. Bestalde, irudiei laguntzeko Eibarko musika eta kantuak erabili dituzte: Astelena frontoian orain dela hogei urte egin zen “Arrateko Zelaiko Kantak” kontzertukoak, Lazpita hirukotearen grabazioak, eta Ustekabe fanfarrearen “Eibarko Kantak” diskokoak.

Ekainaren 9an, udaletxeko fatxadaren ondoan jarriko den bost bider bi metroko pantaila batean, proiekzioaren lau emanaldi egingo dira: goizez, 11:00etan eta 13:00etan eta, arratsaldez, 17:00etan eta 19:00etan ikusi ahal izango dira irudiak. Eguraldiak jarduera kanpoan egitea eragozten badu, proiekzioak Errebalgo plaza estalian egingo da.