Ekain Martinez de Lizarduy, antropologoa: “Irrintzi egiten dugunean oihuak erraietara eramaten gaitu”

Ekain Martinez de Lizarduy, antropologoa: “Irrintzi egiten dugunean oihuak erraietara eramaten gaitu”
2019/05/03 eta kitto!
Portaleko areto nagusiak Ekain Martinez de Lizarduyk zuzenduriko ‘Erraiak’ dokumentala jasoko du maiatzaren 8an 19:00etan (3 euro), Euskal Jaiaren egitarauaren barruan. Irrintzia da dokumentalaren ardatza eta oihu honen inguruko ikerketa sakona egin du. Aurretik asko landu ez den gaia da irrintziarena eta Martinez de Lizarduyk bide bat zabaldu du ‘Erraiak’ lanarekin.

 

- Irrintziaren inguruko ikerketa eta gogoeta egin duzu ‘Erraiak’ dokumentalean. Nola sortu zen irrintzia?

Zaila da esaten eta dokumentalaren helburua ez da irrintziaren sorrera bilatzea, baina horren inguruan hausnartu dugu, batez ere nondik datorren jakiteko. Munduan zehar ehundaka oihu aurkitu ditugu eta gehiengoak animalien imitazioak dira. Nik planteatzen dut gure irrintzia zaldien soinuaren imitazioa dela.

- Irrintziak funtzio bat zeukan? Zertarako erabiltzen zen?

Ezin da jakin, baina hipotesiak egin daitezke. Ehizan animaliak gerturatzeko izan zitekeen, adibidez. Menderik mende irrintziaren funtzioak aldatu egin dira. Orain dela ehundaka urte egiten zen irrintzi batek eta gaur egiten denak ez dute zerikusirik. Irrintziaren funtzionalitatea aldatu egin da, baina sasoi bakoitzera egokitu da eta bizirik jarraitzen du.

- Irrintzi mota ezberdinak aurkitu dituzula esan izan duzu. Nolako aldea dago irrintzi batetik bestera?

Eibarren lekaixo deitzen zaio, adibidez. Jaiarekin edo pozarekin lotzen den oihua da, baina emozio oso ezberdinak espresatzeko modua da irrintzia. Beraz, testuinguruaren arabera irrintzi mota ezberdinak daude. Irrintzi ezberdinak klasifikatzeko gai diren pertsonak daude.

- Guk ezagutzen dugun irrintzia Euskal Herrian bakarrik erabiltzen da ala baita gure mugetatik kanpo ere?

Munduan zehar ehundaka oihu aurkitu ditut eta gure irrintziarekin alderatuta batzuk oso ezberdinak dira, baina badaude akustikoki irrintziarekin antzekotasun handia duten oihuak. Bereberrek egiten duten oihua (zaghareet), Malawin egiten den oihu bat eta lekaixua oso antzekoak dira. Irrintzi horiek fisikoki nola egiten diren ikertu beharko litzateke eta Nafarroako Unibertsitatean egiten diharduten ikerketa foniatriko bati buruz egiten dugu berba dokumentalean. Munduko oihu guztiek batu egiten gaituzte modu batean edo bestean.

- Oihu guztien artean lotura egon daiteke?

Berezko herriek oinarri bat dute eta gaur egun ezagutzen ditugun oihu hauek sasoi bateko herri horien ispilua dira. Ziur naiz oihu guztiek zerbait dutela amankomunean.

- Ikerketa zaila izan da?

Orain dela hamar urte nire lagun min bat hil zen eta bere amamak izugarrizko irrintzia bota zuen hiletan. Horrekin gelditu nintzen. Antropologia ikasketak egin nituen eta horrelako adierazpen kulturalekiko interesa izan dudanez, irrintziari buruz ikertzen hasi nintzen orain dela urte bi. Gaiaren inguruan tesiak eta dokumentu ugari aurkitzea espero nuen, baina ez zegoen ezer. Abentura bat izan da eta zegoen gutxia batu eta josten saiatu naiz. Nire hausnarketak erabili ditut josteko.

- Nola iraun du irrintziak gaur egunera arte?

Batetik, gure identitatearen elementu oso garrantzitsua delako. Bigarrenik, transmisioa nola bermatu den ikusi beharko litzateke eta emakumeek berebiziko papera izan dute zentzu horretan. Eta hirugarrenik, irrintziak izan dituen funtzioak testuinguruaren arabera egokitu direlako.

- Euskal gizartearen erraietan dagoelako mantendu da bizirik?

Bai, eta oihua erraietatik ateratzen delako. Irrintzi egiten dugunean oihuak erraietara eramaten gaitu.