“El vasco” eskainiko da asteburuan Coliseon eta “Black is Beltza 2. Ainhoa” karteldegian jarraitzen du

“El vasco” eskainiko da asteburuan Coliseon eta “Black is Beltza 2. Ainhoa” karteldegian jarraitzen du
2022/10/07 eta kitto!
Fermin Muguruzaren filmaren bigarren asteburua izango da Coliseon, beste hiru pelikulak berriak izango diren honetan. Euren artean izango da baita euskeraren presentzia duen Jabi Elortegiren “El vasco” ere, pelikula horretako audioa gazteleraz eta euskeraz baitago, gaztelerazko azpitituluekin. “Black is Beltza 2. Ainhoa” pelikularen jatorrizko bertsioaren audioa, bestalde,  euskeraz da, zati batzuk gazteleraz, ingelesez eta arbieraz eskainiko badira ere. Asteburu honetako bi saiok gaztelerazko azpitituluak izango dituzte eta beste biek euskerazkoak.

Aipatutako bi filmekin batera, Juan Diego Bottoren “En los márgenes” ere ikusgai izango da, Penelope Cruz eta Luis Tosar aktoreen parte-hartzearekin. Eta, azkenik, oraingoan Samuel Tourneaux-en “Los buscamundos” izango da umeentzako asteburuko pelikula, ohikoa denez, bihar eta etzi 17:00etan proiektatuko dena. Fermin Muguruzaren filma 1 Aretoan eskainiko da, bihar 19:45ean eta 22:30ean, etzi 20:00etan eta etzidamu, Ikuslearen Egunean, 20:30ean. 2 Aretoan Juan Diego Bottoren pelikula emango da, ordutegi berean eta, horrez gain, bihar eta etzi baita 17:00etan ere. Eta Jabi Elortegiren “El vasco”-k beste sei saio izango ditu, aipatutako ordutegian: hori bai, lautan Antzokia izango du proiektagune eta beste bietan, 17:00etan hasiko direnak, 1 Aretoan.