Elliott Murphyk kontzertua emango du bihar Coliseoan

Elliott Murphyk kontzertua emango du bihar Coliseoan
2018/01/11 eta kitto!
Bihar 22:00etatik aurrera Elliott Murphy zuzenean entzuteko aukera izango da Coliseo antzokian. New Yorken artisten familia batean jaioa, Elliottek 1971n ekin zion Europako bere ibilbideari eta lehen urteak gogorrak izan ziren, kalean jotzen ibili zen eta. Gauzak horrela, AEBra itzuli zen eta han grabaketa-kontratu bat eskuratu bezain laster, lan bat bestearen atzetik etorri ziren: “Lost generation” (1975), The Doors taldearen produktorea zen Paul Rothschildek ekoitzia, “Night lights” (1976), Billy Joelen kolaborazioarekin, “Just a story from America” (1977), Phil Collins eta Mick Taylorrekin, eta askoz gehiago. Denboran gertuago, “Selling the gold” (1996) izenekoan Bruce Springsteenekin egindako duo paregabea nabarmentzeko modukoa da. Musikaria izateaz gain, Murphy idazlea ere bada, eta kontakizun laburrekin hainbat bilduma eta bi eleberri eman ditu argitara. Tarteka, Rolling Stone (AEB) eta Vanity Fair (Frantzia) aldizkarietan idazten du, baita beste argitalpen batzuetan ere. Kontzerturako sarrerak 20 euro balio du (14 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin).