En Tol Sarmiento eta Tanxugueiras taldeen kontzertuek jai giroa piztuko dute

En Tol Sarmiento eta Tanxugueiras taldeen kontzertuek jai giroa piztuko dute
2022/06/17 12:21
eta kitto!
San Juan jaien aurreko asteburuan musikak izan ohi du protagonismoa eta aurten indar askorekin dator egitaraua. Izan ere, gaur iluntzean En Tol Sarmiento (ETS) talde arabarrak joko du Untzagan eta bihar Tanxungueiras galiziarren txanda iritsiko da Xabier Aburruzagaren laguntzarekin, baina ez dira asteburuan herria musikaz girotuko duten bakarrak izango.

Eibartar askok gogo handiz itxaron duten kontzertua izango dugu gaurkoan En Tol Sarmiento taldearen eskutik. Arabako taldeak eztanda egin du azken urteotan eta batetik bestera dabiltza ska-rock musika alaia eskaintzen. Eta zer hobeago horrelako musika alaia Sanjuanei hasiera emateko? Iñigo Etxezarreta abeslariak kontzertuari buruzko xehetasun gehiago eman dizkigu.

 

Bihar saio bikoitza

ETS-ren kontzertuarekin indartsu hasiko dugu San Juan jaien aurreko asteburua, baina apostua bikoiztu egingo da bihar. Izan ere, saio bikoitza izango dugu. Lehenik, 20:30ean, Sostoa abesbatzak eta Oskarbi folk taldeak kontzertua eskainiko dute Coliseo antzokian. Donostiako taldeak 55 urtetik gora daramatza musikaren munduan eta 700 kontzertutik gora eskaini ditu, hainbat disko kaleratzeaz gain.

Plater nagusia, ostera, 22:00etan iritsiko da Tanxugueiras talde galiziarraren eta Xabier Aburruzagaren eskutik. Pandereteira hirukoteak beste maila batera eraman du Galiziako musika tradizionala eta Eurovision lehiaketan parte-hartzeko ateetan geratu ziren, nahiz eta publikoaren gehiengoarentzat talderik gustukoena izan.

Galiziarrak ez ziren Eurovisionen aritu, baina euren ibilbideak gorakada nabarmena nabari zuen harrezkero eta modan dagoen taldea da gaur egun. Beraz, ez harritu Untzaga gora arte betetzen bada, asko direlako hirukotearen musikaz gozatu nahi dutenak.