Eneko Aranzasti, Lisabö: “Gaur egun badirudi beti egon behar duzula erakusleihoaren lehenengo lerroan”

Eneko Aranzasti, Lisabö: “Gaur egun badirudi beti egon behar duzula erakusleihoaren lehenengo lerroan”
2019/09/06 11:49
eta kitto!
Arrateko zelaiak azken hamarkadetako euskal talde arrakastatsuenetako baten kontzertua jasoko du bihar gauean. Zarata maisuki menderatzen duen taldea izango dugu gurean, Lisabö. Irundarrek ez dute fokuen beharrik euren handitasuna erakusteko, egiten duten horretan onenetakoak direla baieztatzeko nahikoa dute gitarra, baxua edo bateria eurek dakiten moduan astintzea.

 

- Zazpi urte egon zarete diskorik publikatu gabe, baina disko berriak izan duen harrera ona ikusita ematen du ez dela denborarik pasa. Nola bizi izan duzue zuek denbora tarte hau?

Ez dugu jarduna utzi izan dugun sentsaziorik eduki, ez dugulako inoiz utzi. Beti  egon garahor, nahiz eta taldeari buruzko albisterik, kontzerturik edo diskorik ez egon. Lisabö beti egon da bizirik. Naturaltasunez eta normaltasunez bizi izan dugu zazpi urteko isilunea.

- Jarraitzaileen presioa sentitzen zenuten material berria ateratzeko?

Musika munduan (eta gaur egun askoz gehiago) zure inguruan berririk ez badago , geldirik zaudela dirudi. Ematen du lokalera entseatzera bazoaz, horren berri eman behar duzula. Guk ez dugu horrela funtzionatzen. Zazpi urtetan ez dugu ezer publikatu, baina ez gara geldirik egon.

- Arlo musikalari begira, aldaketak nabaritzen dira azken diskotik berrira?

Aldaketak beti somatzen dira. Talde barruan ere aldaketak egon dira, kide batzuk atera eta berriak sartu direlako. Diskoa grabatzean ere formazioa bat izan da eta zuzenekoetan beste bat dago. Orduan, nahitanahiez somatzen da. Gainera, urteak pasa ahala bizitza aldatu egiten da eta kantuak egiterako orduan ere ikuspegia aldatzen joaten da. Lisabön ez dugu lan egiteko modu finkorik, baina kantuak egiten joaten garen heinean bozeto asko ditugu eta “hau horrela joango da eta hau ez”, esaten digu zerbaitek. Hori mantendu egiten dela uste dut.

- Martxel Mariskal da Lisabören letren sortzailea. Bere letrei musika jartzen diezue edo zuen doinuei  jartzen die letra?

Esan bezala, ez dugu lan egiteko modu finko bat. Disko berrian Martxeli bozeto batzuk pasatu genizkion, berak entzun eta zerbait idazten zuen, edo idatzitako zerbait moldatzen hasten zen... nahiko prozesu librea izan da. Beste diskoetan hainbeste eman ez den hartu-emana izan dugu.

- Nola moldatzen zarete bi bateria-jole talde berean aritzeko?

Lisabön sartu nintzenean Iban eta Aida ziren bateria-joleak eta Iban gitarra-jole izatera pasa zenez, ni Aidarekin hasi nintzen. Asko ikasi nuen berarekin. Bateria bakarrik jo baduzu beti, hasieran zaila egiten da ulertzen beste batekin jotzea. Zer bilatzen den ulertu behar da. Gure kasuan gutxiago egin behar dugu emaitza handiagoa izateko.

- Aida Torres eta Maite Arroitajauregi eibartarren kolaborazioa izan duzue diskoan. Nolako ekarpena egin dute?

Maite beti egon da gure diskoetan (aurrekoan izan ezik) eta bere ekarpena beti da primerakoa. Alde batetik, lagunekin lan egitea oso polita delako. Eta bestetik, txeloarekin kantuek beste puntu bat hartzen dutelako. Aidarekin, bestalde, urte batzuk atzera botatzea izan da niretzat. Opari bat izan da.

- Arrateko kontzertuan ikusi ahal izango ditugu?

Ez, zoritxarrez ez.

- Nola bizi izaten dituzue zuzenekoak?

Lisabören kontzertuak nahiko biziak izaten dira. Teknikoki ez gara oso musikari trebeak eta ez dut esango zuzenekoetan desastre bat garenik, baina teknika bigarren maila batean uzten dugu. Normalean kantuen listak eta kantuen arteko loturak azken momentuan erabakitzen ditugu, eta horrek sortzen duen tentsioa berezia da. Batzuetan kontzertuan bertan aldatu izan dugu abestien zerrenda. Horrek tentsio puntu bat ematen du eta aberasgarria dela uste dut. Batetik, taldekideak ezin garelako lo geratu. Eta bestetik, publikoari kontzertua interesgarriagoa egiten zaiolako. Kontzertu batzuetan badirudi musikariak musika egiten ari direla beste barik, eta hori ekiditea ondo etortzen zaigu. Alde txarra du, azken orduko erabakiekin agian zerbait gaizki atera ahal delako, baina jokuaren parte da.