Enrike Solinis, musikaria: “Antzinako musika, gaur egungoek jotzen dugunez, freskoa da”

Enrike Solinis, musikaria: “Antzinako musika, gaur egungoek jotzen dugunez, freskoa da”
2021/04/16 eta kitto!
Domekan ekintza bi egingo dira Udaberriko Euskal Jaiaren barruan. Goizeko 09:00etan mendi-buelta kulturala hasiko dute herriko kaleetatik eta Arratera iritsiko dira. Han, 13:30ean, Euskal Barrokensemblek kontzertua eskainiko du Arrateko elizan. Enrike Solinisek gidatzen duen taldeak mundu osoan zehar zabaldu du antzinako musika.

 

Antzinako musika egiten duzue, baina zer da zehazki?

Orain dela 300-400 urte inguru konposatutako musika da eta, sasoi hartako musika-tresnak nolakoak ziren aztertu ondoren, erabili egiten ditugu. Bestetik, orduko praktiketan oinarritzen da. Eskuizkribuetan eta liburuetan sasoi hartan musika nola jotzen zen azaltzen da. Musika klasikoarekin alderatuz, antzinako musikak duen osagairik garrantzitsuenetako bat da piezak berregiteko eta birsortzeko askatasuna duela. Antzinako partiturak eskema modukoak dira eta interpretazioaren ehuneko handia interpreteen esku geratzen da. Beraz, antzinako musika gaur egun bizirik gaudenok jotzen dugunez, freskoa da.

 

Beraz, antzinako eta gaur egungo musika da aldi berean?

Antzinako eta gaur egungo ikuspegiak ditu, baina ikusleen ikuspegia ere garrantzitsua da. Gaur egun antzinako mezu bat komunikatzeko, gaur egungo kodigo musikalak erabili behar ditugu. Belaunaldiz belaunaldi birsortze hori aldatzen doa.

 

Antzina erabiltzen ziren musika-tresnak jotzen ikasi behar izan duzue?

Bai. Euskal Herritik kanpo ikasi behar izan dugu. Zoritxarrez hemen ez dago antzinako musika eta euskal ondarea modu txukunean ikertzeko aukerarik. Antzinako musika ez da musika kultua bakarrik, herriko musika ere bada eta, horrekin batera, ondare literarioa, musikala, dantzak, eta abar. Euskal Herrian ondare kulturala tradizioz iritsi zaigu, ez dago idatzita, eta hori ikertzeko metodologia behar da. Nik Katalunian ikasi nuen eta oso ondo antolatuta dago, goi-mailako ikasketekin.

 

Euskal ondarea ikertzen ez badugu, galtzeko arriskua dago?

Gure disko guztietan Erdi Aroko, Errenazimenduko eta barroko sasoiko musikak eta testuak ditugu, geure modura landuta. Kontserbatorioetan eta musika zentroetan egin beharko litzatekeena geure kabuz egin dugu, euskal ondare hori berreskuratzeko. Euskal ondare gehiena tradiziozkoa denez, gehiena galduta edo galtzear dago. Harrigarria da Errenazimenduan Euskal Herrian mundu mailako ospea zuten musikariak izatea (Antxieta, adibidez) eta bere obra osoa ez edukitzea.

 

Antzina eta gaur egun, musikak esanahi berdina izan du beti?

Musika ospatzeko eta sufrimendua arintzeko zerbait izan da beti. Herri zapalduek beti izan dute oso ondare musikal potentea. Tabernetan jotzen zen, dantzarako, eta gaur egungoarekin alderatuz, gehienek zekiten dantzan egiten.

 

Mundu guztian zehar ibili zarete. Atzerrian gehiago baloratzen zaituztete?

Bai. Euskal Antiqva diskoa kaleratu genuenean zortea izan genuen, nazioarteko jaialdietara joateko atea ireki zigulako. Iaz pentsatu genuen Euskal Herrian gehiago finkatzea nahi genuela, hemen gehiago jotzea; eta, bestetik, ume eta gazteentzako proiektua dugu esku artean.