Euskal kamaraden arteko solasaldia

Euskal kamaraden arteko solasaldia
2018/02/23 eta kitto!
Euskeraren biziberritzeari bultzada emateko antolatutako ekimena da Hamaika Berbaldi”. Horrela aurkeztu zuen egitasmoa behintzat Jokin Bergara moderatzaileak martitzenean Portalean egin zen hizketaldian. Bost hizlari jator bildu ziren mahai-inguruan: Serafin Basauri, Luis Alberto Aranberri ‘Amatiño’, Leire Narbaiza, Nerea Barruetabeña eta Beñat Laskurain. Bost belaunalditako ordezkariak, euskerak Eibarren izan duen bilakaeraren ikuspuntu pertsonala eskaintzeko. Hertzainak taldeari esaldia lapurtuz, ‘Nola aldatu diren gauzak, kamarada!’ galderatik abiatu ziren bostak euskeraren gaineko gogoetak egiteko.

 

-‘Nola aldatu diren gauzak, kamarada!’. Zer aldatu da zuen ustetan?

SERAFIN: Gaur egun jende gaztea euskal hizlaria dela ikustea harrigarria da, baina erabileran motel doa. Gazteen eta Akebairen indarrez bizkortzen ez bada, gaizki ikusten dut etorkizuna.

AMATIÑO: 20 urte inguru nituenean kontzertua antolatu genuen eta baimena eskatu beharra zegoen. Abestien letra eraman behar zen gaztelerara itzulita. “Ésta es la traducción?”, esan ziguten. Eta guk, “es el Padre Nuestro del Padre Madina”. Abesten hasi eta, “no me haga trampas!”, eurek. Zeozer aldatu da ba egoera!

LEIRE: Hertzainak taldearen abestia entzun nuen lehen aldian Debako taberna makarra batean negoen. “Zer da hau?”. Euskaraz kantatzen zebiltzan. Ordura arte Itoizek bakarrik egiten zuen musika modernoa. Aldaketaren zantzua izan zan. Ordutik gauzak aldatu ziren, baina... baina!

NEREA: Euskaraz ikasteko gaitasuna izan dugu eta gure gurasoek ez. Euskara ikasteak gauzak aldatu ditu lan egin edota ezagutzaren bidean.

BEÑAT: Ni gaztea naiz oraindik, baina horrelako mahai-inguruak garrantzitsuak direla uste dut gazteek atzean egon den lanaren kontzientzia hartzeko.

 

-Serafin eta Amatiño, zuen gazte denboran nola bizi zen euskera kalean?

SERAFIN: Guk normal egiten genuen, koadrilan behintzat. Erabilera tokiaren araberakoa zen, Legarre aldean euskeraz jolasten genuen, eta Jardinetan, Ardantzan eta behealdean euskeraz egiten zen. Erdialdean gutxiago. Eskolan erderaz egiten genuen. 17 urterekin beharrean hasi eta beste errealitate batekin topatu nintzen. Tailerretan euskeraz egiten zen. Zergatik? Gure belaunaldia baino 5-10 urte zaharragoak zirenak euskaraz bizi zirelako.

AMATIÑO: Nik ez nituen Serafinek izan zituen nagusiak eduki. Eibarren ez neukan lehengusu euskaldun bat ere, eta Buenos Aires eta Zarautzen bai ordea. Ez nekien lagun batzuk euskaldunak zirenik 15 urte bete arte. Etxean euskeraz egiten genuen, beti jakin izan dut euskaraz idazten eta irakurtzen, baina kalean eta ikastetxean erderaz egiten genuen.

 

-Bi belaunaldi salto eginda, zuek zergatik erabaki zenuten egunero euskaraz bizitzea?

LEIRE: Euskalduna bazara eta hori sentitzen baduzu, naturala da. Gauza pare bat gertatzen dira orain. Umeekin adin batera arte egiten da euskaraz, gero erdaraz. Batzuetan ez dagoelako gaitasunik, koskortzen direnean zerbait azaltzea zaila egiten zaielako gurasoei. Hobetzeko ezer egin ez delako da hori. Lasaitu egin garela uste dut. “Umea D eredura eramaten dut”, “euskaraz egiteko esaten diot”... baina ez dago erlaxatzeko arrazoirik.

NEREA: Natural irtendako erabakia da. Txikitan ikastolan euskeraz egiten nuen, gurasoekin ere bai. gero nerabezaroan erderara jotzen dugu, baina euskerara bueltatu gara naturalki batzuk. Askok erderaz egiten dute, baina nire inguruan egoera ez da hain txarra. Ni gai naiz gauza gehienak euskeraz egiteko.

 

-Emakumeen artean euskeraren erabilera handiagoa da orain?

NEREA: Ikusten da baietz, orokorrean. Gehienek euskeraz egiten digute neskei, nahiz eta eurak erderaz aritu.

LEIRE: Moda dela esango nuke, eta badauka zerikusia generoarekin. Lehen pixka bat fina izateko erderaz egin behar zela zioten. Gazteleraz ondo egiten ez zekien zenbat eibartarrek egin du erderaz? Lehen mutilak etxean nekazari zebiltzan eta emakumeak feriara joaten ziren. Erdera ikasi behar zuten nahitaez. Fina izatearen tontakeri hori oso sartuta zegoen Eibarren. Dirua zegoenean, baserritar-kaletar afera... ez zen moda kontua bakarrik.

 

-Kaleko hizkera galtzen ari da Eibarren?

SERAFIN: Eibarko euskera bizirik dago, moteltxo baina bizirik. Etorkizunean eibarrerak behera egingo du eta batuak gora. Gauzak ondo badoaz behintzat.

AMATIÑO: Teorian, euskalkiak galdu egingo dira epe luzean.

NEREA: Galdu ez, baina hika ez da erabiltzen gazteen artean. Gure seme-alabei gure berba egiteko modua erakutsiko diegu.

BEÑAT: Nik hika ez dakit egiten, ez dut jaso. Euskerarekin harreman bakarra eskolan dutenek batua bakarrik egingo dute eta normala da.

LEIRE: Nik nahiko nuke Serafinen moduan berba egin, baina ezin. Belaunaldiz belaunaldi galdu da hizkera hori. Pena emango lidake Eibarko euskara galtzeak, baina ez nau arduratzen hibrido bat edo batua erabiltzen bada. Euskañola da arriskua. Esaldi bat euskeraz egin eta txistea, gramatikalki zaila dena, erderaz egitea. Jendea ez da kontziente ez dabilela dena euskaraz egiten.

AMATIÑO: Ez dut maltzurra izan nahi, baina hori da Akebai.

 

-Zeintzuk dira iraupenari eusteko gakoak?

SERAFIN: Zaila da. Euskeraz egiten jarraitzea, esango nuke. Kontzientzia pizten denean, euskera sentimendu moduan hartzen duzu. Erabilerak egiten du sentimendu hori.

AMATIÑO: Guk euskaraz egiten dugu euskaldun sentitzen garelako eta hori falta zaie euskera eskola-hizkuntza moduan hartzen dutenei. Euskerak ez badu bihotzik, ez du balio.

LEIRE: Gauza asko dago egiteko. Teknologia berriekin ez dugu euskera erabiltzen eta munduari euskeraz gabiltzala erakusteko balio du horrek. Ez dute guregatik egingo, guk egiten ez badugu. Ezin da onartu alkateak euskaraz ez jakitea, norbait Lehendakari izan arte itxarotea euskera ikasteko. Borrokalari ez bagaude, agur!

 

-Nola ikusten duzue euskera hemendik 25 urtera Eibarren?

SERAFIN: Miraririk ez badago, herri erdaldunagoa ikusiko dugu, baina milagroak ere gertatzen dira. Gazteak indartsu datoz eta euren esku dago, baina zaila ikusten dut. Hizkuntza gutxitua da euskera eta gerra aurretiko gaitza da hori.

AMATIÑO: Serafinekin bat nator euskara gutxitu egin dela. Gauza askotarako euskara erraza behar da. Irakurlearengan dago muga askotan. Gauza bat da euskeraz jakitea eta beste bat errekurtsoak edukitzea.

LEIRE: Orain dela 25 urte herri askoz euskaldunagoa egongo zela espero nuen. Serafinekin nago, ez badiogu gure ganorabakotasunari buelta ematen, akabo. 25 urte barru horrela bagaude, ez dago txarto.

NEREA: Guraso eta heldu izango garenon esku dago 25 urte barru Eibarren euskera erabiltzea. Gero eta gehiagok jakingo dugu euskeraz egiten. Horrek ez du erabilera bermatzen, baina bultzatu daiteke.

BEÑAT: Nahiko positiboa naiz. Egoera ezingo da gehiago okertu. Urte batzuk barru denok jakingo dugu euskaraz egiten eta ez dugu erderara jo beharko. Kontzientziaren kontua izango da gakoa. Nik behintzat konpromezua daukat eta nik ez badut egiten, nork egingo du?