EuskarAbentura 2019 Espedizioa hizpide aurtengo Euskararen Transmisioari buruzko Mintegian

EuskarAbentura 2019 Espedizioa hizpide aurtengo Euskararen Transmisioari buruzko Mintegian
2019/03/05 eta kitto!
2019ko uztailaren 1ean EuskarAbentura espedizioa osatuko dute 150 lagunek – 16-17 urte bitarteko 120 gazte eta 30 helduz osatutako lan-taldea. Maulen batuko dira abenturari hasiera emateko. Done Jakue bide desberdinak jarraituz Euskal Herria zeharkatuko dute, hiriburu guztiak eta UNESKOk izendatutako Gizateriaren Ondareak bisitatuz. Getxo izango dute helmuga, uztailaren 31n. Iaz martxan jarritako eta aurtengo udan errepikatu egingo den proiektuaren berri emango dute Imanol Zabaleta eta Irati Labaien EuskarAbentura elkarteko kideek martxoaren 12an Portalean izango den Euskararen Transmisioari buruzko Mintegian. Irati Labaienek aurerapen bat egin digu.

- Zer da EuskarAbentura? Zer egin behar dute parte hartu nahi duten gazteek?
EuskarAbentura Euskal Herriko herrialde, hiriburu eta Gizateriaren Ondare guztietatik oinez igaroko den espedizio gaztea da. Aurten 16 eta 17 urte egingo dituzten gazte euskaldunentzat da, 2002 eta 2003 urteetan jaiotakoentzat.  Guztira 120 lagun aukeratuko ditugu, iaz baino 10 gehiago. Parte hartzeko gazte bakoitzak lan bat eta motibazio gutun bat egin beharko du (guztia euskarabentura.eus webgunean azalduta dago eta izen-ematea bertan egin daiteke martxoaren 10a baino lehen). Eusko Ikaskuntzak zuzentzen ditu lanak. Lan onenak egiten diduzten horiek izango dira aukeratuak. Beka bat irabaziko dute. Beraz, ez dute ezer ordainduko. Horretaz aparte lurralde guztietako jendea egongo dela bermatu nahi dugu, eta neskak zein mutilak neurri berean edo oso antzerakoan izango ditugula.

- Zeintzuk dira helburuak?
Lau ardatz dira nagusi. Lehenik eta behin, izenak esaten duen moduan, gure xedea euskeraren erabilera sustatzea da. Horrez gain, gazte euskaldunen artean sare bat sortzeko helburua dago: errealitate linguistiko desberdinetatik datozenak, oso euskaldunak eta hain euskaldunak ez diren inguruetako jendea batzen ahalegintzen gara. Hirugarren helburua Euskal Herriaren ezagutza da (historia, kultura, geografia, gizateriaren ondareak…). Eta, azkenik, baloreak lantzen ditugu. Elkarrekin hilabetea ematen dugu. Harremana oso estua da eta lantzen ditugun edukietan ingurumenarekiko errespetua, zaborraren kudeaketa egokia, turismo arduratsua eta elkarbizitza bezalako baloreak lantzen ditugu. Kontzientzia soziala sartzen saiatzen gara.

EuskarAbentura1

- Zenbat kilometro egingo dituzue?
Guztira 783 kilometro dira. Aurreko urtean, kilometro horietatik 500 inguru egin ziren oinez. Etapa bakoitza desberdina da, batzuk gogorragoak dira. Egunero 4 edo 5 ordu ematen ditugu ibiltzen.  Guztiaren gainetik, jakina, segurtasuna dago. Batzuetan, eguraldia dela eta, etapa bertan behera utzi behar izaten da eta autobusak alokatu. Mauletik Donibane Garazira joango gara eta hortik Nafarroan sartuko gara. Hor dena lautada da, paisaia lehorragoa da. Nafarroa zeharkatu ondoren autobusez Errioxara pasatuko gara, San Millan de la Cogollako monastegia ikusteko. Handik Añanako gatzagetara joango gara. Gasteiztik pasa, Agurain eta Zerain aldetik Gipuzkoara pasatuko gara, Ormaiztegi, Tolosa, Hernani eta Irunerako bidea eginez. Handik Baionara eta gero, pixkanaka, Gipuzkoako eta Bizkaiko kosta guztia egingo dugu, Getxoraino. Mendia, lautada, kosta… denetik dago. Etapa guztiak milimetrora neurtzen nituen taldekide aditua daukagu. Hamaika kontu ikasteko aukera izango dugu: iparraldeko laborarietatik hasiz, Nafarroako karlisten museoa bisitatuz, Añanako Gatzagak dastatuz, Zeraingo meategietan burdinaren historia ikusiz, Eusko monetarekin salerosiz, Irun eta Hendaiako mugan aspaldian emandako kontrabandoa deskubrituz, edota Gernikako Juntetxeko haritz zaharraren sinbologiari erreparatuz. Eta bidean lurralde bakoitzeko euskararen errealitatera hurbiltzeko parada ere izan dugu.

- Nola ekin zenioten proiektuari?
Proiektuaren helburuak zehaztuta, hutsetik ekin genion EuskarAbentura Espedizioaren prestaketari; eta hasiera guztien moduan, ez zen lan makala izan. Hasteko, ezezagunak ginen jendartean, eta bereziki ezezagunak ginen euskalgintzako erakundeen artean. Proiektua aurrera eramateko sosik ez genuen, beraz, esku artean geneukana proiektuaren potentziala eta taldeko kideon curriculum vitaeak ziren, besterik ez (elkartean 10 lagun gaude). Hau guztia aurrera eramateko ezinbestekoa dugu erakunde publiko zein pribatuen babesa. Horrez gain, antolaketa lanetan eta baita espedizioan zehar ere, iaz lagun mordoa izan genituen bidaide, musutruk eta beti irribarre batekin gurekin lanean aritu zirenak.