Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa egingo da zapatuan

Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa egingo da zapatuan
2012/09/21 eta kitto!

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren eskutik 40 herritan egingo dira bihar Euskaraz Bizi Nahi Dut herri-lasterketak, tartean Eibarren. Adinaren arabera, lau lasterketa abiatuko dira bihar 11.00ak aldera Untzaga edo ingurutik: 6 urtera artekoek San Andres eliza paretik ekingo diote lasterketari, Calbetón kalea igaro eta Untzagaraino (200 metro); 6-11 urte bitartekoek Untzagan hasi, Calbetón pasatu, Zuloagatarrenen kaletik jarraitu eta Toribio Etxebarriatik egingo dute antxitxiketan (500 metro); 12-17 urte bitartekoek aurreko ibilbidea birritan egingo dute, 1.000 metroko ibilbidea osatuta; eta 18 urtetik gorakoentzat ibilbidea 5.000 metrokoa izango da (Untzaga, Calbetón, Julian Etxeberria, Toribio Etxebarria, udaletxearen atzeko aldetik Legarrera, handik Amañara, Torrekuan buelta eman eta Ego Gainetik Untzagara, Bidebarrietan behera Urkizu zeharkatu, Barrenara ailegatu aurretik Barakaldo kalerako errebuelta hartu, Urkizutik gora jarraitu Errebal, Toribio Etxebarria eta Untzagaraino, han amaitzeko).
Prezioak, berriz, honako hauek dira: haurren izen-ematea euro bi eta izen-ematea + kamiseta 7 euro; helduen izen-ematea 5 euro eta izen-ematea + kamiseta 10 euro. Aldez aurretik izena eman ez dutenek 10.00etatik aurrera Untzagan horretarako tartea izango dute bihar bertan.
Kamiseta hartu ala ez aukerakoa izango da eta ez da dortsalik izango. Lasterketan parte hartzen duten guztiei diploma emango diete, oroigarri gisa, eta diploman bertan zenbaki bat egongo da idatzita, egunean bertan egingo den zozketan parte hartzeko. Partehartzaile bakoitzak 3 opariren (argazki makina, mp3, bideokamera, presio-eltze elektrikoa…) zozketan parte hartuko du.