Euskarazko komunikabideak babesteko diru laguntzen eredu berria adostu dute

Euskarazko komunikabideak babesteko diru laguntzen eredu berria adostu dute
2019/03/04 eta kitto!
Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Hekimen elkarteak euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko eredu berri bat aurkeztu dute  gaur goizean Donostian, Tabakaleran. Itunak 2019-2021 urteetarako balio du, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek guztira 10,5 milioi euroko dirulaguntza emango dute, orain arte baino 3,1 milioi euro gehiago. Akordio horren bitartez, beraz, euskal erakundeek euskarazko komunikabideen garrantzi estrategikoa aitortzen dute eta sektorea egonkortzeko apustu sendoa egin.

Erakundeen izenean, bertan izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Diputazioko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendaria eta Joseba Perez de Heredia Arabako Aldundiko Euskara zuzendaria. Euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkartearen izenean, bertan izan dira Igor Astibia elkarteko arduraduna, Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, Iban Arantzabal Tokikomeko zuzendaria eta Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria.

Hekimeneko Igor Astibiak azaldu duenez, "gutxiagotutako hizkuntza ororen berreskurapen eta normalizaziorako komunikabideak estrategikoak dira. Halaxe nabarmentzen dute gaiaz dakiten erakunde, eragile zein adituek. Izan ere, hedabideak hizkuntza komunitatearen leihoak dira: hortik transmititzen da komunitatearen beraren errealitatea, eta bertatik jasotzen du komunitate horrek elkarren eta munduaren berri".

Hekimen elkartearen garrantzia azpimarratzeko hainbat datu ere eman ditu Astibiak: "Hekimenen baitan euskarazko 50 komunikabide baino gehiago biltzen gara, 133 komunikazio proiektu, sektoreko ia komunikabide guztiak. Guztira 530 lagun baino gehiago ari gara lanean hedabide hauetan, asko egunkari, aldizkari, telebista eta irrati nazionaletan eta beste hainbat herri zein eskualdekoetan. Langile zuzen horiei 600 kolaboratzailek eta 1.000 boluntariok osatutako sarea gehitu behar zaie. Izan ere, euskarazko hedabideen sektorearen eskaintza anitza, zabala eta aberatsa da eta horri esker egunero milaka laguni euskaraz bizitzeko aukera ematen diegu. Euskal prentsa 200.000 kontsumitzaile baino gehiagorengana iristen da. Espainiako kazeta garrantsitsuenak (El Pais, El Mundo...) beren publiko potentzialaren %4ra iristen ez diren bitartean, euskal egunkari nazionala bere publiko potentzialaren %8ra iristen da eta hainbat eskualdetan euskarazko hedabideak dira irakurrienak. Sareko trafikoari dagokionez, azken bost urteotan Hekimen elkarteko komunikabideen webguneen trafikoa bikoiztu egin da, 2013an 12 milioi saio izatetik 2018an 23,7 milioi saio izatera pasaz. Bestela esanda, gaur egun webgune horiek guztiek 65.000 saio baino gehiago izaten dituzte egunero”.

Hekimeneko ordezkariek adierazi dutenez, “orokorrean eta oraindik ere deialdiko hainbat artikulutan zehaztu beharreko zenbait puntu gelditzen diren arren, Hekimenen ustez Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek landutako diru laguntza eredu berri hori sektorearen egonkortasuna bermatzeko pauso garrantzitsua izango da”.

“Berria” egunkaria deialdi horretatik kanpo geratu da eta itun berezia adostu du Jaurlaritzarekin. Bingen Zupiria Hizkuntza Politikarako sailburuak adierazi duenez, “Berria egunkari nazional bakarra da eta ezaugarri bereziak ditu”. Hala, 2019an 2,3 milioi euro jasoko ditu, eta beste hainbeste 2020an eta 2021ean.