Euskerazko berbarik zatarrena aukeratzeko lehiaketa

Euskerazko berbarik zatarrena aukeratzeko lehiaketa
2013/01/28 eta kitto!

Eibarko euskaltegi biek (Udal Euskaltegiak eta AEK-k) berba lehiaketa antolatu dute Udalarekin elkarlanean. Iaz Eibar definitzeko berbarik egokiena aukeratu behar izan zuten parte-hartzaileek eta oraingoan, berriz, euskerazko berbarik zatarrena hautatzeko lehiaketa izango da. Antolatzaileek diotenez, "zatartasuna esanahiarengatik, ahoskerarengatik... izan daiteke. Bakoitzak berari itsusiena iruditzen zaion berba aurkeztuko du eta jendearen botoen bitartez jende gehienaren ustez berbarik desatseginena zein den jakingo dugu". Lehiaketara berbak aurkezteko epea otsailaren 17an amaituko da. Parte hartzeko bete beharreko baldintzak, sariak eta bestelako argibideak jarraian irakur ditzakezue: 

Parte hartzeko baldintzak
- Parte hartu nahi duenak berari itsusiena iruditzen zaion berba proposatu behar du. Eibarko Euskararen Hiztegian hitz asko dituzue aukeran: www.eibarko-euskara.com
- Berbak euskaltegietara joanda aurkez daitezke edo posta elektronikoz: euskaltegiaeibar@telefonica.net / eibar@aek.org
- Ez da beharrezkoa berba zergatik aukeratu den arrazoitzea.
- Berbak aurkezteko epea otsailaren 17an bukatuko da.
Berbarik itsusiena aukeratzeko botazioa egingo da. Botoa emateko:  www.eibarko-euskara.com webgunean eman beharko da, otsailaren 22tik martxoaren 3ra bitartean.
- Aurkeztutako berben artean itsusiena iruditzen zaizuna aukeratu eta botoa eman, ez da besterik egin beharko.

Sariak
- Saria ematerako orduan, epaimahaiaren erabakia eta jasotako boto-kopurua hartuko dira kontuan. Bi sari emango dira:
1.    Irabazlearentzat: Coliseoko emanaldi baterako bi sarrera, Armagintza Museorako bi sarrera, Kalamuako Parlamentua jokoa eta Gotzon Iparragirreren Eibar Oasi Liberala liburua.
2.    Parte-hartzaileen artean zozketa bidez ateratzen denarentzat: Kalamuako Parlamentua jokoa eta Gotzon Iparragirreren Eibar Oasi Liberala liburua.