EzDokFest, berri onak rockarentzat

0    Kultura 
Ekhi
EzDokFest, berri onak rockarentzat
2018, Mai 11

Unbeko foball zelaietako belar artifizala aldatuko dute ekainean. Hainbat urtetan milaka lasterketaldi, oinkada eta baloikada jasan ditu, baina modu rockeroan esango du agur belarrak. Baloiak eta ateak ez dira protagonista izango azken egunean, eszenatoki bat baizik. Unbeko kirolguneak EzDokFest jaialdia jasoko du ekainaren 1 eta 2ko asteburuan, eszena musikala aho zabalik utzi duen kartela osatu duen jaialdia.

 

Berri Txarrak, Belako, Toundra, Jardin de la Croix, Viva Belgrado, Kokein… “Ezin genituen Astelena frontoian sartu eta jaialdia Unbeko goiko zelaian egitea proposatu genion Udalari”. Apustua handia da eta toki handia behar zuten erronkari aurre egiteko.

EzDok Rock lagunek jaialdi handi bat egiteko ilusioa zeukaten eta lortu dute. “Iazko EzDokFest jaialdiak demaseko arrakasta izan zuen, inflexio puntua izan zen zerbait handiagoa egitea pentsatzeko”, azaldu digu David Karbak, Beinat Saban eta Jose Angel Gimarerekin jaialdiaren antolakuntzan ari den kideak. La Salve garagardo ekoizleak zerbait handiagoa egiteko babesa eman zien, baina antolatzaileek ez zuten aurreikusten hain jaialdi handia prestatzea. “Prestaketak egin ahala hazten joan da jaialdia”, esan digu Gimarek. “La Salvekoei broma moduan esan genien barixakuan Belako eta zapatuan Berri Txarrak izango zituen jaialdia antolatuko genuela, eta azkenean gure hitza bete dugu”.

 

Berri Txarrak kartel-burua

BEC-en 10.000 lagun bildu eta gero, Berri Txarrak taldeak Eibarren eskainiko du hurrengo kontzertua Euskal Herrian. Gimarek talde nafarra ekartzeko asmoa zeukala esan zionean Sabanek ezinezkotzat jo zuen, “zeuk ikusi”. Esan eta egin. “Tabernaren berri eman nien: hemen eskaintzen ditugun kontzertuak, gure filosofia, eta abar“, dio Gimarek, eta Berri Txarrak izango da kartel-burua.

Euren gustoko taldeen izenak proposatu eta tabernako bezeroen iritziak entzun zituzten kartela osatzeko. “Asko ikasten dugu bezeroengandik, gaur egungo eszena musikala ezagutzen duen jendea etortzen delako eta talde askoren berri ematen digutelako”, dio Sabanek. EzDok tabernaren esentzia jaialdi batera eramango dute, bai maila musikalean, bai musika ulertzeko filosofiari dagokionez.

Musika bizi eta sentitzeko filosofia hori berebizikoa izan da Berri Txarrak, Belako eta horrelako taldeak ekarri ahal izateko. “Taldeek etortzeko gogoa erakutsi dute”, esan digu Sabanek, eta EzDokFesten arituko diren taldeen artean dagoen elkartasunak lagundu duela dio Karbak. “Gainera, oso jarrera ona eduki dute eta euren esku zegoena egin dute jaialdi honetara egokitzeko. Gugan jarritako konfiantza berebizikoa izan da”.

Unbeko eszenatokian, gainera, hainbat berritasun entzuteko aukera egongo da. “Zorte handia izan dugu. Talde askok euren lan berriak aurkeztuko dituzte EzDokFesten”, azaldu digu Karbak. “Vulkek jaialdia baino astebete lehenago aterako du diskoa, Viva Belgradok lehen zuzenekoa joko du diskoa prestatzeko geldialdiaren ostean eta The Soulbraker Company ere antzera”.

 

Tabernaren filosofiari jarraituz

Jaialdiaren kartela prestatu eta gero, antolakuntza lanetan dabiltza buru-belarri EzDok tabernakoak. “Aipagarria da La Salvek eta Udalak eskaini diguten laguntza handia”, diote aho batez. 3.000 lagun baino gehiago batuko dira Unben barixakuan eta zapatuan, eta autobusak egongo dira bertara joateko. “Kotxez ezingo da igo, baina oinez bai. Oso ohitura eibartarra da hori!”, diote antolatzaileek. Ordutegiari dagokionez, barixakuan 19:00etan hasiko da eta zapatuan 17:00etan, eta amaiera 03:30ak inguruan izango da egun bietan.

Sarrerak ezdokfest.com webgunean eta EzDok tabernan daude salgai, eta hainbat aukera eskaintzen dira. Bi egunetako abonuak 49 euroko prezioa dauka, barixakuan bakarrik joan nahi izanez gero 25 euro ordaindu beharko dira eta zapatuan 30 euro. “Salmentaren erritmoa ondo doa, lehenengo egunetan zoramena izan zen”. Sarreren prezioak oso altuak ez izaten ahalegindu dira antolatzaileak eta berdin izango da jaialdian salduko diren janari eta edariekin. “Prezio justua eskaini nahi izan dugu, bai guretzat, bai jendearentzat”.

Zuzenekoen eta musikaren aldeko apustuarekin EzDok taberna erreferente bihurtu da herrian eta orain beste pauso bat eman du. “Herriko beste tabernen antzekoa ez zen toki bat sortu nahi genuen eta jaialdiarekin antzera”. Denborak esango du jaialdia ere erreferente bihurtzen den, baina orain rockaren sasoia da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »