Fernando Saenz de Ugarte, Dantzaz konpainia: “Coliseoko emanaldia aurkezteko egingo dugu DantzaPotea”

Fernando Saenz de Ugarte, Dantzaz konpainia: “Coliseoko emanaldia aurkezteko egingo dugu DantzaPotea”
2018/05/02 eta kitto!
Egun biziak izango ditu Eibarren Dantzaz konpainiak maiatzeko lehen asteetan. Hilaren 3an DantzaPotea eskainiko du herriko kaleetan, 10ean Coliseoan eskainiko den aurkezpen moduan; eta, tartean, San Andres eta Arrateko Andra Mari ikastetxeko ikasleekin elkarlanean ibiliko dira Growing Young programaren barruan pieza berriak sortu eta jarduera bereziak eskaintzeko. Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendari nagusiak ekimen hauen berri eman digu.

 

- Nolakoa izango da DantzaPotea?

Antzoki batean emanaldi bat eskaini behar dugunean, egun batzuk lehenago aurkezpen txiki bat eskaintzen dugu herrian, kalez kale, antzokian ikusiko diren 6-7 minutuko koreografiekin. Bospasei emanaldi eskainiko ditugu Eibarko kaleetan eta horri deitzen diogu DantzaPote. Growing Young programaren bizpahiru pieza eskainiko ditugu.

- Hortaz, Coliseoan eskainiko duzuen emanaldia aurkezteko balio izango du DantzaPoteak. Nolako ikuskizuna izango da?

Maiatzaren 10ean eskainiko dugu emanaldia Coliseoan eta oso berezia izango da. Izan ere, hilaren 7tik 10era bi ikastetxerekin lan egingo dugu erresidentzia batean eta lau sorkuntza egingo ditugu haiekin. Eurek sortuko dituzte koreografiak eta gure konpainiako lau dantzari joango dira egunero ordubete ikasleekin aritzeko. Gero, landutakoa taularatuko dute maiatzaren 10eko emanaldian. Growing Young programan guk sortutako piezekin osatuko dugu ikuskizuna. Joan den azaroan aurkeztu genuen Growing Young eta lau piezek osatzen dute. Hala ere, ez ditugu denak aurkeztuko, saioa asko luzatuko litzatekelako. Ikasleek sortzen dituzten piezen arabera erabakiko dugu gure zenbat pieza dantzatu. Printzipioz, Daniele Ninarelloren ‘Lead’ eta Itzik Galiliren ‘Prelude to a wasted tear’ lanak eskainiko ditugu.

- Herriko zein ikastetxeetara joango zarete?

San Andres eta Arrateko Andra Mari ikastetxeekin ibiliko gara elkarlanean, eta 5. eta 6. mailako ikasleekin egingo dugu dantza. Eskola bakoitzean bi gelekin jardungo dugu, beraz, lau pieza aurkeztuko dira. Gure dantzariak ikastetxeetara joango dira eta, horrez gain, bertako dantza akademiarekin eta Kezka Dantza Taldearekin topaketak ere egingo dira.

- Joan den urtean ere antzeko esperientzia izan zenuten Eibarren. Nolakoa izan zen?

Amaña ikastetxekoekin eta Mogel ikastolakoekin egin genuen lan, eta ‘Harri orri ar’ emanaldia izan zen ardatza. Bideoa grabatu genuen esperientzia honen inguruan bizitakoa jasotzeko eta aurten ere grabatzeko asmoa daukagu.

- Nolako ezagutza edo jakintzak jasotzen dituzte umeek horrelako ekintzekin?

Ikastetxeetan lantzen dituzten edozein arlorekin moldatzen gara. Horretarako, irakasle eta tutoreekin batzen gara lehenik ahalik eta probetxu gehien ateratzeko; oso aste bizi, dibertigarri eta ezberdina izaten delako umeentzat. Matematikan, musika, historian edo edozein ikasgaitan lantzen dutenarekin loturak bilatzen saiatzen gara, eta gerta daiteke lantzen duten horretatik abiatuta piezak sortzea. Adibidez, naturaren indarraren inguruan zerbait lantzen badabiltza, hori koreografiatu dezakegu.